C.D. Elgoibarrek Haundiko entrenatzaile berria aurkeztu du. Cristian Matias Levis argentinarra izango da aurrerantzean Haundi taldeko entrenatzailea.
Elgoibarko Izarratik jakinarazi digutenez, datorren domekan (urtarrilak 8) emango dute, ETB1-eko Hitzetik Hortzera programan, abenduaren 28an Herriko Antzokian izan zen bertso-jaialdia.
Ekialdeko Errege Magoak bihar (urtarrilak 5) etorriko dira Elgoibarrera eta Mendarora opariak banatzera.
Espainiako selekzioko hautatzaile Julen Lopetegik, Markel Bergarak, Itziar Gurrutxagak, Jagoba Arrasatek, Josetxo Arakistainek eta Jose Mari Arakistainek hartuko dute parte Club Deportivo Elgoibarrek antolatu duen mahai inguruan. Mendeurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua aurkezteko ekitaldiaren barruan izango da, urtarrilaren 10ean.
Tipi Tapa, Korrika! ikuskizunaren bi saio eskaini zituzten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, atzo, Elgoibarko Herriko Antzokian.
Hotzari aurre eginez, makina bat lagunek esan zioten “agur” urte zaharrari Mendaron eta Elgoibarren jokatu ziren San Silbestre lasterketetan.
Presoen Euskal Herriratzea eskatzen dute Elgoibarren hileko azken barixakuetan, eta, urteko azken barixakuan ere, hilaren 30ean, ez zuten hutsik egin. Ehun lagun inguru batu ziren Kalebarren plazan, “salatzen dut” lemapean.
La Lezek (Ilarduia, Araba) aurkeztutako gaztak irabazi du Urteko gazta txapelketako lehen saria, 2013an lortu zuen garaipena errepikatuz. Barazki eta fruta alorrean, Txillarreko Peio Rubio eta Mutrikuko Sagarmiña izan dira onenak, beste behin ere.
Kalegoengo San Bartolome parrokian lehen meza ospatu zutenetik 300 urte bete dira gaur, eta meza berezia egin dute 19:00etan, urte osoko ospakizun egitarauari amaiera emanez. Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak gidatu du elizkizuna, eta Elgoibarko lau alkate ohi ere izan dira elizkizunean gaur egungoarekin batera.
Bitoriano Loiola from barren.eus on Vimeo.
Bitoriano Loiola Iriondo ‘Ospas’ trikitilaria zendu zen joan den eguaztenean, 90 urte zituela. Hileta elizkizuna Mendaroko Azpilgoetako parrokian izango da, gaur, abenduak 30, 19.00etan.
Antxitxika agurtu ahal izango dute urtea elgoibartarrek eta mendaroarrek, abenduaren 31rako Elgoibarren eta Mendaron antolatu dituzten San Silbestreko lasterketetan.
C.D. Elgoibarrek jakinarazi duenez, Haundiko entrenatzailearen eta zuzendaritzaren artean dauden "desadostasunen" ondorioz hartu dute Iker Dorronsoro kargutik kentzeko erabakia.
Olentzerok eta Mari Domingik gogotik egin zuten lan Elgoibarren eta Mendaron ere, eta oparien zakuak hustuta itzuli ziren etxera. Elgoibarko Izarraren aldeko tonbolan ere boleto guztiak saldu zituzten eta 1.200 opari baino gehiago banatu.
Juan Mugertza Nazioarteko krosa iragartzeko kartela aurkeztu du Mintxeta Atletismo Taldeak. Krosari buruzko argazki lehiaketa irabazi zuen Miguel Angel Ceberioren argazkia erabili dute kartela egiteko. Argazki lehiaketaren hirugarren edizioa abian dela ere jakinarazi du Mintxetak.
Urtero legez, Gabonetako Loteria izan da gaurko egunez elkarrizketarako gai nagusia ia bazter guztietan. Dirua edukitzeak, baina, diru asko izan arren ere, ez du zoriontasuna ziurtatzen. Bada zorioenez, dirua ez den beste gauza batzuetan bizipoza bilatzen duenik, eta horixe da "loteriarik" onena. Luis Mari Iriondo Garate (Elgoibar, 1931) elgoibartarraren kasuan, ordenagailua izan da loteriarik handiena.
Elgoibarko Gabon Zahar Feriarako prestatu duten egitaraua aurkeztu du Elgoibarko Udalak, eta baita feria egunean egingo duten 2016. Urteko Gazta Txapelduna lehiaketa ere. Bederatzi gaztagilek hartuko dute parte aurtengoan, tartean Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak, iazko irabazleak.
Elgoibarko Sanlo Eskubaloi Eskolak hainbat ekintza antolatu ditu neguko oporraldirako, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean. “Murgildu zaitez eskubaloian” kanpainaren helburua kirola aisialdirako tresna gisa proposatzea eta ongi pasatzea direla azaldu dute. Abenduaren 26a izango da izena emateko azken eguna.
Udal Kirol Patronatuak 18 sari banatu ditu gaur Kirol Federatuaren Urteko Sarietan. Errekonozimendua eta emozioa eskutik joan dira ekitaldian, uztailean zendu zen Ricardo Garate izan baitute gogoan sari banaketaren ostean. Hurrengo urtetik aurrera, Patronatuak kirol sarien barruan ematen duen sari berezia Ricardo Garate Saria izango da.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 95 umek hartu zuten parte zapatuan Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatutako haur krosean. (Argazki-bilduma eta bideoa dauzka)
Atzo, abenduak 20, jarri zuten martxan Elgojaiotza taldeko kideek jaiotza mekanikoa, eta gaur jarriko dute ikusgai gainerako publikoarentzat, 17:30etik aurrera. San Bartolome parrokiaren 300. urteurrena ez zaie oharkabean pasa arduradunei, eta parrokiari berari lekua egin diote jaiotzan.
Elgoibarko alkate Ane Beitiak jaso zuen Euskararen Kalitatearen Urrezko Bikain ziurtagiria Donostiako Kursaal jauregian egin zuten ekitaldian, joan den astelehenean. Elgoibarko IK4 Ideko kooperatiba elkarteak ere jaso zuen ekitaldi horretan Zilarrezko Bikain ziurtagiria.
Eskubaloiko emakumezkoen euskal selekzioak Nazioen Kopa jokatuko du gaur eta bihar, Granollersen. Martin Larrañaga hautatzaileak Nora Kortaberria elgoibartarra eta Elgoibarren bizi den Nerea Arregi zarauztarra sartu ditu deialdian. ETB1ek zuzenean eskainiko du gaur arratsaldean Katalunia eta Euskadiren arteko lehia.
Eguerdian amaitu da Elgoibarko 26. Maisuen Nazioarteko Xake Txapelketa, sei eguneko lehiaren ostean. Michael Oratovsky xakelari errusiarrak lortu du garaipena bere estreinako parte hartzean.
Kalegoengo San Bartolome parrokian lehen meza ospatu zenetik 300 urte beteko dira abenduaren 30ean. Urteurrena ospatzeko urte guztian antolatu dituzten ekintzak azken txanpan sartu dira. Pello Arrietak eta Javier Elorzak idatzi duten liburua aurkeztu zuten joan den astean, Udal Musika Bandak Gabonetako kontzertua eskaini zuen domekan parrokian, eta Elgoibarko Arte Erlijiosoa erakusketa inauguratu dute parrokian.
Elgoibarko Gure Esku Dago batzordeak larunbatean egin zuen jendeaurreko ekitaldian aurkeztu zituen 2017ko udaberrian egin nahi duten herri galdeketarako galderak.
Gidaria barruan zela, baina motorrik piztu gabe igo zuten Renault 4L autoa Lizarpe gaineraino, hamar lagunek, tiraka. Mendaroko Tope Natxiok Giza Proba Taldeak uste zutena baino azkarrago gainditu zuen bere buruari jarritako erronka. Ordubete, 51 minutu eta segundo bateko denbora behar izan zuten bost kilometroko ibilbidea osatzeko. Jendetza batu zen Lizarpen.
Kirol Federatuaren Urteko Sariak banatuko ditu Udal Kirol Patronatuak abenduaren 21ean. Patronatuak jakinarazi duenez, ekitaldi berezia izango da aurtengoa, eta lagun asko joatea espero dutenez, sari banaketa ekitaldia IMHko areto nagusian egingo dute estreinakoz.
Jendetza handia batu zen abenduaren 4an Mendaron Angel Bazterretxea abadeari egindako esker on ekitaldian. 54 urtean Mendaroren alde egindako lana eskertzeko, familia argazki handi bat atera zuten Herriko Enparantzan, Bazterretxeari oparitzeko. Barixaku honetan jaso du oparia, eta omenduak berak, hunkituta, omenaldian parte hartu zuten lagun guztiak eskertu nahi izan ditu.