Herriko zenbait gaztek Txarriduna Cup 7 Futbol Txapelketa antolatu dute aurten estreinakoz, Elgoibarko eta Eibarko Udal Kirol Patronatuek Bailarako Futbol 7 Txapelketa ez zutela antolatuko erabaki eta gero. Hamabi talde aritu dira lehian eta Jaujar eta Olaso ailegatu dira finalera. Zapatuan (uztailak 14) jokatuko dute finala Mintxetan.
Esloveniako Koper herrian jokatu den Eurofest nazioarteko eskubaloi txapelketan hartu du parte Sanloko Hotel Txarriduna infantil mutilen taldeak, uztailaren 3tik 8ra bitartean. Motxila esperientziez eta irakaspenez beteta ekarri dute.
Donostiako Loyola Hipika taldeko kide den Maider Mantecon elgoibartarrak irabazi zuen Gipuzkoako zaldi-jauzi txapelketa, metro erdiko garaierako oztopoen kategorian.
Mendaroko Santa Ana jaiak uztailaren 25ean hasiko dira ofizialki. Paella lehiaketarako eta adinekoen bazkarirako izen ematea zabaldu dituela jakinarazi du Mendaroko Udalak. Era berean, danborradarako entseguak ere hasita daude.
Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak bigarren Bizikleta Festa antolatu uztailaren 14rako, datorren zapaturako. Sallobentera joan-etorria egingo dute, besteak beste.
Olaizaga kiroldegia itxita egongo da abuztuan, instalazioen urteko mantentze eta garbiketa lanak egingo baititu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. Olaizaga itxita dagoen bitartean, patronatuko abonatuek Eibarko Orbea Kiroldegiko igerilekua erabili ahal izango dute aurten ere.
Mendaroko Udalarekin batera, herriko hainbat euskaltzale batu dira Euskaraldia sustatzeko talde eragilera, eta talde horrek izendatu du herriko hamaikakoa ere. Atzo aurkeztu zituzten Euskaraldiaren enbaxadore izango diren hamaika herritarrak edo hamaikakoa.
Ustez bere gogoaren kontra ezkontzeko Algerian bere familiak atxikituta daukan Ljadra Said Hannuha 19 urteko gaztearen egoera salatzeko prentsaurreko agerraldia egin zuten bere lagunek, zapatuan, Eibarko Untzaga plazan. Pablo Garrido elgoibartarraren laguna da neska eta berak jarri du salaketa Ertzaintzan.
Ehiza Ibilbideen Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Arabako Zambrana herrian eta Leire Egaña elgoibartarra gailendu zen emakumezkoetan, era honetako proba batean parte hartzen zuen estreinako aldia izan arren.
Ihes eginda helmugara ailegatu ziren hiru txirrindulariren artean erabaki zen Javier Ezenarro Oroitzarrea txirrindulari lasterketaren 11. ekitaldia, joan den zapatuan.
Iruñeko txupinazo ezagunarekin bat egin dute gaur Elgoinbar eta Mendaroko San Fermin Txiki Egunekoek. Iruñeako balkoitik txupina bota duten ordu berean bota dute Elgoibarko balkoitik ere. Aurrez, peñen igoera ikusgarria egin dute ehunka umek Maalatik Kalegoen plazaraino.
Sutegixa gaztetxean hainbat kontzertu antolatu dituzte martxotik ekainera bitartean. Uda aurreko azken emanaldiaren ondoren, “harro” sentitzen dira egindako lanaz.
Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegiak haur, gazte eta helduentzako Udako Irakurketa Gida prestatu du aurten ere.
Aire libreko zine emanaldiak hasiko dira asteburu honetan. El Cuaderno de Sara filma emango dute barixakuan eta Coco zapatuan.
Bilbotik Elgoibarrera iritsi berria da Jose Irala Vidal (Huelva, Espainia 1967), hesi arkitektonikoak kentzeko gurpildun aulkian munduari buelta ematen ari den gizona. Distrofia muskularra diagnostikatu zioten 4 urte zituela eta gaitzak gurpildun aulkira eraman du. Epilepsia arazoak ere baditu eta minbizia ere diagnostikatu diote geroztik. Gaur 51 urte ditu eta 25 urte zituenetik alderrai dabil, "borrokan".
Mendaroko Udalak BARREN aldizkariari eskaini dio santana festetako hasierako txupina botatzeko ohorea, 25 urte bete ditugula eta. Uztailaren 25ean izango da txupinazo-jaurtitzea, 19:30ean.
San Fermin festa Elgoibar eta Mendaroko kaleetara ere ailegatuko da barixakuan, San Fermin Bezpera Egunean. Berrikuntzekin dator, baina, Elgoibarko San Fermin Txiki Eguna. Azken urteetan egin duten entzierroa egin ordez, peñen igoera egingo dute umeek Maalatik Kalegoen plazaraino.
Oraintsu lanean hasi den Elgoibarko Erretiratuen Elkarteko zuzendaritza berriak Hondarribiara irteera antolatu du uztailaren 20rako.
Urtebeteko etenaren ostean, Sigmako Pilota Txapelketa antolatu du berriro Eulogio Estarta Elkarteak. Lau bikote aritu dira lehian Lehen Mailan eta beste lau bikote beteranoetan.
Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen duten zikloak 10 urte beteko ditu aurten. Kulturgintza izango da aurtengo gai nagusia eta izen handiko 21 kulturgile gonbidatu dituzte. Izena Elgoibarko Izarran eman behar da eta epea zabalik dago dagoeneko.
Javier Ezenarro Oroitzarrea txirrindulari lasterketaren 11. edizioa jokatuko dute zapatuan, uztailaren 7an, Mendaron.
Elgoibarko X. Pintxo Lehiaketako irabazleak jakitera eman ditu Udalak. Epaimahaiaren saria Viento Sur tabernako Haize Beltza izeneko pintxoak irabazi du. Viento Sur tabernak 2016ko lehiaketa ere irabazi zuen.
Emakumeen arrauneko gorengo mailan lehiatuko da Leire Garate elgoibartarra, Orioko traineruarekin. Orioko taldeak Hondarribia, Arraun Lagunak eta San Juan izango ditu aurkari Emakumezkoen Euskotren Liga eraberrituan.
Elgoibarko Kirol Argazki Lehiaketaren 13. ekitaldia antolatu du Udalak, Ongarri argazki taldearekin batera, eta uztailaren 16a izango da parte hartzeko azken eguna.
Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede Gure Balioak Sariak. Hautagaiak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaituko da.
Oskarbik 110 zapata-marka baino gehiago ditu eskuragarri, "dotore eta eroso" joateko: Saucony, New Balance, Camper, Panama Jack, Mustang, Adidas, Converse, Nike, Clarks, Geox, El Naturalista, Pikolinos… Modelo eta kolore ugari, familia osoarentzat.
Aire librean ospatzen diren festek beharrezkoa duten eguraldi onik gabe ere "primeran" ospatu dituzte San Pedro jaiak Idotorbe auzoan, antolatzaileek azaldu dutenez.
Bertako Igogailuak Arrasateko enpresak eta Hondarribia Arraun Elkarteak hitzarmena sinatu dute, datozen bi urteetan emakume taldearen babesle izateko.