Iberoamerikako Kimika Olinpiadak jokatu dituzte Bogotan (Kolonbia), irailaren 19tik 24ra bitartean, hamazazpi herrialdetako ia 70 ikaslek. Guillermo Hijano elgoibartarra izan zen parte hartzaileetariko bat eta ohorezko aipamen bat eskuratu zuen.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotako 73.692,51 euroko diru-laguntza herriko sei pertsona kontratatzeko erabiliko duela jakinarazi du Elgoibarko Udalak.
Elgoibarko kaleek 1936ra egin zuten salto duela bi aste, tropak herrira sartu zirenekoa errekreatzeko. Gertakari haiek bizitzea eta sufritzea tokatu zitzaien hainbat elgoibartarren testigantzak jasota daude ahotsak.com-en. Herrian zegoen giroa dute akorduan batzuek eta erreketeak etxean derrigortuta hartu behar izan zituztela beste batzuek.
Atzo, San Migel egunez, hasi zituzten auzoko festak Aiastian. Auzo afariarekin hasi zituzten ospakizunek gaurtik domekara bitartean izango dute segida. Gaur, esaterako, Haritz dantza taldeak 30. aldiz dantza egingo du Aiastiako jaietan.
Elgoibarko Izarraren Daixola! egitasmoan izena emateko epea urriaren 6an amaituko da. LH4-6 urte bitarteko umeentzako programa da, eta euskaraz ondo pasatzeko helburuarekin sortu zuen Elgoibarko Izarrak duela bi urte, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan. Aurten aldaketa batzuekin dator egitasmoa.
Elgoibarko Gaztelekuak eskaintzen dituen zerbitzuak eta instalazioak ezagutarazteko ateak irekitzeko eguna egingo dute datorren eguaztenean (urriak 5).
Kalegoen Plaza eta Maalako parkea batuko dituen giza kateak hartuko dio lekukoa iazko Beitxu, Beitxu lipdub arrakastatsuari, Euskarak 365 Egun ekimenean, abenduaren 2an. Giza katearen ostean, Plazera plazara izeneko jaialdia antolatu dute.
Aste guztia eguraldi iragarpenari begira pasatu ostean, Elgoibarko Izarrako Kulturekintza taldeak Sanrock festibala bertan behera uztea erabaki du. Zapaturako (urriak 1) euria iragarri dute, eta Sanrock moduko festibala egiteko ezinbestekoa zen eguraldi lehorra.
Eguraldia lagun, Mendaroko jendea ez ezik, inguruko herrietatik ere etorri zen jendea Gararock jaialdira. Mendaro, Elgoibar eta Bilboko musika taldeek hartu zuten parte musika jaialdian eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.
Aire Libreko Margo Lehiaketaren 21. edizioa egingo dute zapatuan, urriaren 1ean, Mendaroko kaleetan. Lanak, bai saridunenak eta baita aurkeztu dituzten gainontzekoenak ere urriaren 7tik 16ra bitartean, ikusgai egongo dira Lagun Betikoenean.
Stock feria antolatu du zapaturako (urriak 1) Txankakuak, Elgoibarko Merkatarien Elkarteak. Maalako parkean egingo dute aurten, eta herriko 17 saltoki eta zerbitzuk parte hartuko dute guztira azokan.
Sanlo eskubaloi kirol-taldeak Sanlober garagardo feria antolatu du aurten, laugarrengoz. Eguenetik domekara bitartean makina bat lagun pasa ziren Maalako parkean jarri zuten karpatik, eta antolatzaileak gustura gelditu dira. Ospakizunen ostean, asteburu honetan hasiko dira lehian Sanloko hainbat gehienak.
Juan Palacios zinegile eibartarraren Pedaló filmak irabazi du Euskal Zinemaren Irizar Saria, asteburuan amaitu den Donostiako Zinemaldian. Euskal Herriko kostaldea, Biarritzetik Bilbora, pedaló batean zeharkatzen duten hiru lagunen bidaia zoroa kontatzen du dokumental honek. Deban bizi den Joseba Etxeberria elgoibartarra da hiru “marinel” horietako bat.
Jakoba Errekondo (Usurbil, 1961) etorriko da Elgoibarrera, Bizi baratzea hitzaldia ematera eguazten honetan (irailak 28), Elgoibarko Izarrak duen Kulturekintza programaren barruan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aste honetan beste hamar lagunek izena ematen ez badute, bertan behera laga beharko dute 'Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez' ikastaroa.
Aaron Garmendia laudiotarra eta Arteako Gaizka Agirre gailendu ziren Debabarreneko Orientazio Raidaren bigarren edizioan. Iñigo Lariz eta Jon Irazabal elgoibartarrek osatutako LRT taldea sailkatu zen bigarren postuan. 42 bikotek hartu zuten parte eta antolatzaileak gustura gelditu dira aurtengo raidak emandakoarekin.
Elgoibarren dauden hamar elizak eta beste zenbait gune erlijioso ezagutu eta ezagutarazteko bisita gidatuak egingo dituzte urriaren 1ean eta urriaren 15ean, Kalegoengo San Bartolome Parrokiak 300 urte bete dituela ospatzeko antolatutako ekintzen barruan.
EAJren Gipuzkoako hautagaien zerrendan bosgarren aurkeztu zuten Irune Berasaluze mendaroarra, eta beraz, legebiltzarkide izango da Berasaluze legealdi berrian, bederatzi lortu dituztelako. Hautagaien zerrenda hortan Maialen Gurrutxaga hamargarren zihoan, eta EAJk Gipuzkoan bederatzi eserleku lortu dituen arren, elgoibartarrak aukera handia du legebiltzarkide izateko. Zain egon beharko da, harik eta Gobernua osatu arte, baina litekeena da Arantxa Tapia sailburu izatea, eta hori hala gertatuz gero, zerrendako hamargarrena pasatuko litzateke legebiltzarkide izatera, alegia: Maialen Gurrutxaga.
EAJk 2.341 boto eskuratu ditu Elgoibarren, eta beraz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izaten jarraitzen du gurean. Jeltzaleek 744 botoko aldea atera diote bigarren alderdi bozkatuenari, EH Bilduri (1.597 boto lortu ditu). 2012ko hauteskundeetan lortu zituzten emaitzei erreparatzen badiegu, aldea handitu egin da bien artean. Orduan, 2.328 boto eskuratu zituen EAJk, eta 1.959, EH Bilduk.
EAJk 373 boto eskuratu ditu Mendaron, eta 105 botoren aldea atera dio bigarren indarrari, hau da, EH Bilduri. Podemos izan da hirugarren alderdirik bozkatuena, eta babes esanguratsu batekin sartu da, gainera, indar berri hau Mendaron, 144 boto eskuratu baititu, PSE-EEk –laugarren indarra- baino 87 gehiago. Hortaz, gehiengo handia lortu dute Mendaron Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren erabakitzeko eskubidearen alde dauden hiru hautagaitzon ordezkaritzek. Parte-hartzea %62, 15ekoa izan da.
Bero sargoriari aurre eginez 121 lagunek egin dute antxitxika Elgoibarko kaleetan gaur iluntzean jokatu den Gau Kros Herrikoiaren 7. edizioan. David Garcia durangarra, gizonezkoetan eta Ainhoa Sanz urretxuarra, emakumezkoetan, izan dira azkarrenak.
Azken minutura arte aprobetxatu nahi izan du EH Bilduk hauteskunde kanpaina eta bi politikari kataluniarrekin 'Pikoteo Tertulia' egin dute Elgoibarren gaur gauean.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako azken eguna da gaur, hilak 23, eta hauteskundeei begira duen programa azaltzeko informazio mahaia jarri dute Elgoibarko Elkarrekin Podemos alderdiko kideek Kalegoen plazan.
Hileko azken zapatuko feria antolatu dute Udalak eta Debemenek zapaturako, eta oraingo honetan Elgoibarko Izarrak jarriko du txosna. 11:00etatik aurrera, baserriko oilasko brotxeta eta txorizo egosi pintxoak salduko dituzte.
Munlet bikoteak 2003an hasi zuen musika ibilbidea, eta ordutik lau disko atera dituzte. Azken lanari Chupacabras jarri diote izena, eta bihar aurkeztuko dute, Gararock jaialdian. Chupacabras singlea izango da zuzenean joko duten abesti berrietako bat, eta bideoklipa ere egin dute abesti horrekin. Mendaron grabatu dute osorik. Hona hemen:
Mendaroko lagun talde batek Gararock musika jaialdia antolatu du zapaturako (irailak 24). Garagartzan izango da jaialdia, 18:30etik aurrera. Arratsaldeko emanaldiak aire librean egingo dituzte, eliza aurreko parkean eta gaueko saioak, berriz, San Agustin kulturgunean.
Mintxeta atletismo taldeak antolatuta, 7. Gau Kros herrikoia jokatuko da zapatuan (irailak 24), Elgoibarko kaleetan.
Zapatuan jokatuko da Debabarreneko orientazio raidaren bigarren edizioa, eta antolatzaileek ibilbideari eta proba bereziei buruzko xehetasunen berri eman dute. Proba berezi horietako batean, esaterako, San Bartolome elizan gora eskalatu beharko dute parte hartzaileek, eta gora ailegatutakoan, tirolina bidez, berriro ere Kalegoen plazara jaitsiko dira.