Lagunekin hitz egiten hasi eta herriko berriak kontatzen dizkidate: baten bat haurdun dagoela, besteren bat ezkondu egingo dela, bikoteren bat banatu egin dela, baten batek etxea erosi duela eta bikotekidearekin bizitzera joan dela…
Une horretan konturatzen naiz biziera mota horiekin nahiko deskonektatuta nagoela, momentu honetan behintzat. Bat-batean denbora-lerroa bizkortuko balitz bezala sentitzen dut, eta bertigo apur bat ematen dit.
Kanarien kasuan, bizi naizen lekuan behintzat, egia da ekonomikoki egoera larriagoan bizi garela. Adinak berdin du han, nahiz eta 24, 28 edo 35 urte izan, orokorrean, ingurukoen helburua bidaiatzea, auto bat erostea eta kanperizatzea, kirol berriak probatzea, lagunekin pisu partekatu batera bizitzera joatea… izaten dira.
Eta ados, egia da orokorrean gertatzen diren egoerak aipatu ditudala soilik eta badakit herriko guztien errealitatea ez dela bera. Izan ere, urte askotan kanpoan bizi ostean jaioterrira bueltatu den batek esan zidan berak ez duela jarraitzen bertako ohitura “tradizionalekin”. Baina argi dago ez dela erraza izan behar tokiz-kanpo sentitzea.Nire kasuan, ez dakit noiz bueltatuko naizen herrira luzarorako, ezta bueltatuko naizen ere. Baina askotan jartzen naiz pentsatzen gertatuko balitz nola jokatuko nukeen. Nire jarrerak aldatuko al nituzke? Nire egoeran dauden gehiagorekin elkartu eta babesgunea sortuko al nuke? Nork daki…