Hasier Murua eta Naroa Erbiti izan dira azkarrenak Idotorbeko Igoeran

Barren 2025ko urr. 12a, 18:51

Julian San Juanen Oroimenezko 33. Idotorbeko Igoera jokatu dute goizean, eta irabazle berriak batu dira probaren palmares luzera.

Hasier Murua Perez elgoibartarra izan da 3,8 kilometroko igoera pikoa osatzen azkarrena, iazkoan lortu zuen hirugarren postua onduz. Herri-gain parean egin du ihes lasterketa buruan zihoan tropeltxotik eta lortutako aldea kudeatzen asmatu du igoeraren bukaerara arte. Muruak lantzean behin begiratzen zuen atzera, inor gerturatzen zitzaion ikusteko, baina ez da halakorik gertatu. Aritz Esnaola izan da Muruarengana gerturatzeko saiakera handiena egin duena, baia bigarren postua izan da ahalegin horren saria. Triatloietan aritzen den Pello Osoro eibartarra sailkatu da hirugarren postuan.

Irabazleak 13 minutu eta 33 segundoan osatu du igoera. Elgoibarko Lagun Taldea Txirrindulari Eskolak denboraldiari amaiera emateko antolatzen duen probako errekorra Iker Eskibel eskoriatzarrak dauka: 12 minutu eta 48 segundo. Muruak probaren bukaeran adierazi duenez, iazko igoeran lortu zuen denbora ontzea zen bere helburu nagusia, eta aise lortu du minutu bat eta 14 segundoan ondu baitu iaz hirugarren egin zueneko denbora, 14:47.

43 lagunek hartu dute parte gaurkoan, iaz baino hiru gehiago, eta emakume bakarrak hartu du parte aurten ere. Naroa Erbiti Goienetxek 24 minutu eta 27 segundu behar izan ditu Txakakoa zubitik (50 m.) Idotorbe gaineraino (413 metro) dauden 3,8 kilometroetan 347 metro igotzeko.

Probaren amaieran antolatzaileek jarritako txosnaren bueltan aritu dira berbetan parte hartzaileak eta Idotorbera igotako zaleak, eta sari banaketa ekitaldia egin dute gero. 

• Idotorbeko Igoera; azken urteetako irabazleak: