Iazkoaren antzerako giroarekin jokatu dute gaur, urriak 12, Idotorbeko igoera; udazkeneko egun eguzkitsu eta haizetsuarekin. 40 lagunek eman dute parte hartzeko izena, tartean emakume bakarrak.
Probako lehen metroetatik erritmo bizia jarri du Iker Lizarazuk eta deposito paretik ere tropelari aurrea hartuta igaro da. Atzean, tropelaren babesean egin dituzte igoerako lehen metroak parte hartzaile gehienek. Lizarazuk tarte handia atera die jarraitzaileei lehen ia hiru kilometroetan, baina nekea igartzen hasi da eta ezin izan dio hasierako erritmo biziari eutsi. Atzetik aurrera eginez, bere pareraino ailegatu da Aritz Esnaola, 19 urteko mendaroarra. Helmugarako kilometro bat falta zela iragartzen zuen karteltxo paretik pasa direnean harrapatu du Esnaolak Lizarazu, eta elkar zainduz egin dituzte hurrengo metroak. Ikusleak batzen diren lekuan eraso bortitza jo du Esnaolak eta bakarrik egin ditu helmugara arteko azken metroak, zaleen txalo eta animo artean. 14 minutu eta 5 segundoan osatu du igoera. 22 segundora sartu da helmugan Lizarazu, 14:27ko denborarekin. Hasier Murua sailkatu da hirugarren postuan (14:47).
Bigarren garaipena eta errekorra Maite Urteagarentzat
Maite Urteagak igoera aparta osatu du eta 16:25eko denborarekin 13. postuan helmugaratu da. Duela hiru urte hasi zen txirrindularitzan eta 2022ko Idotorbeko Igoeran ere hartu zuen parte. Gaur hiru minutuan ondu du orduan egin zuen denbora eta errekorra ondu du gainera, aurrez Maite Maiorak zuen errekorra ia minutu batean onduz.
Elgoibarko Lagun taldea txirrindulari Eskolak denboraldiari amaiera emateko antoolatzen duen probako errekorra Iker Eskibel eskoriatzarrak dauka: 12 minutu eta 48 segundo.
Aurten txosna ere jarri dute antolatzaileek Idotorben eta eskerrak eman dizkiete Idotorbe San Pedro Elkartekoei emandako laguntzagatik.
Manifestazioa, domekan, urriaren 13an
Dena ez da, baina, poza txirrindularitzan. Idotorberako Igoera jokatu biharamunerako, domekarako, manifestazioa antolatu baitu Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak Donostian, Gipuzkoan lasterketak antolatzeko jartzen dizkieten oztopo guztiak salatu eta konponbidea eskatzeko. Elgoibarko Lagun Taldeak eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak bat egin dute manifestazioarekin eta parte hartzera deitu dituzte txirrindulari eta zaleak. 11:00etan abiatuko da manifestazioa belodromotik eta udaletxe parean bukatuko da. Ibilbidea oinez zein bizikletaz osatu ahal izango dela aurreratu dute Federaziotik eta, ahal duenari bere taldeko edo klubeko mailota jantzita eramateko eskatu diote.
• Idotorbeko Igoera; azken urteetako irabazleak:
- 2023 Imanol Alvarez eta Maite Maiora
- 2022 Mikel Perez de Obanos eta Maite Urteaga
- 2021 Iker Eskibel
- 2020 (Ez zen jokatu pandemiagatik)
- 2019 Jon Astigarraga
- 2018 Iker Eskibel eta Amaia Urkidi
- 2017 Iker Eskibel
- 2016 Iker Eskibel eta Maite Maiora
- 2015 Ramon Garcia
- 2014 Josu Uriarte
- 2013 Jorge Gonzalez
- 2012 Mikel Hernandez eta Ainhoa Lendinez
- 2011 Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez
- 2010 Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez
- 2009 Josu Uriarte
- 2008 Josu Uriarte eta Ainhoa Lendinez
- 2007 Vicente Gonzalez
- 2006 Jorge Gonzalez
- 2005 Iñigo Lariz eta Ane Mendia
- 2004 Ramon Garcia eta Gotzone Aierdi
- 2003 Iñigo Lariz
- 2002 Iñigo Lariz
- 2001 Iñigo Lariz
- 2000 Iñigo Lariz
- 1999 Jose Mari Fernandez eta Ismene Fulgencio
- 1998 Ramon Garcia
- 1996 Jose Mari Fernandez
- 1995 Aitor Etxaniz eta Inma Ruiz