Imanol Alvarezek 2018an hartu zuen parte azkenengoz Idotorbeko Igoeran, baina lasterketa hau berezia da berarentzat, auzoko bizilaguna baita, eta bizitzan behin behintzat irabazlea amesten zuen. Gaur gauzatu du ametsa Eiser Hirumet taldeko txirrindulariak. Bera moduan Elgoibarko Lagun Taldetik pasatako bi txirrindulari izan ditu aurkari gogorrenak, aurten sekulako denboraldia egin duen Eneko Otega gazte elgoibartarra eta Mikel Perez de Obanos eibartarra, iazko irabazlea. Hirurak joan dira lehen metroetatik aurrea hartu duen tropeltxoaren buruan. Erritmo bizia ezartzen ahalegindu da Ortega, baina ondo eutsi diote Alvarezek eta Perez de Obanosek. Gaurkoan eurek ziren indartsuenak. Azken kilometroa falta zela iragartzen duen karteltxoaren parean laga dute atzean Ortega, eta tartea egin dute harekiko. Batak besteari begirik galdu gabe egin dute azken kilometroa, erasoa nork jo nork eutsi buru-lehia horretan, biak antzerako indarrekin zeudela antzeman baitute. Iazko irabazlea bera zela-eta, Perez de Obanos "iniziatiba hartzera gonbidatu" duela esan du amaieran Alvarezek. Ikusle gehienak biltzen diren igoerako azken metroetara iritsi aurretxoan jo du erasoa Imanol Alvarezek, eta lortu duen metro gutxitako abantaila nahikoa izan da helmuga marra lehen postuan gurutzatzeko. Hamahiru minutu eta 37 segundoan osatu du 3,8 kilometroko igoera pikoa, eta bi segundoko aldea atera dio helmugan Mikel Perez de Obanosi (13:39). Iaz proba irabazi zuenean 13:46ko denboran osatu zuen igoera eibartarrak. Iker Eskibelen errekorrak (12:48) halaxe izaten jarraituko du, beste urtebetean gutxienez. Eneko Ortega iritsi da helmugara hirugarren postuan (14:10), podiumeko postuari eusteko esprinta jokatu behar izan duen arren Jokin Amorrostarekin. Lehenari kosta egin zaio helmugara iristea eta bigarrena, atzetik aurrera eginez zentimetro batzuengatik ez dio lapurtu hirugaren postua Ortegari. (ikus sailkapena)
Emakume gutxik parte hartu izan dute Idotorbeko Igoeran, baina aurten bi izan dira irteera hartu dutenak, horietako bat probaren errekorra daukan Maite Maiora mendaroarra. Aspaldian parte hartu gabe zegoen Maiora, bera ere ez zen azkeneko aldiaz gogoratzen, baina errekorra ezarri zuen urtetik parte hartu gabea zela uste du, hau da, 2016tik. Orkatilako lesio batetik osatzeko bizikletan asko ibiltzen ari dela azaldu du eta parte hartzera animatu dela. Errekorra ontzeko gogoa ere bazuen, baina igoera osoa estulka egin duela esan du, erdi gaixorik ibili delako azken egunetan eta ezin izan du proba gustatuko litzaiokeen moduan egin.
Sari banaketa ekitaldian kirol zinegotzi izandako Gorka Garaizabali aitortza egin diote Lagun Taldekoek. 2021. urtean arazo ekonomikoak eduki zituen taldeak eta Idotorbeko Igoera ez antolatzeko zorian ere egon ziren. Garai hartan kirol zinegotzia zen Gorka Garaizabalek emandako laguntza eta bultzada eskertu nahi izan diote gaur publikoki.
ARGAZKI-BILDUMA: 31. Idotorbeko Igoera, irudietan
•Idotorbeko Igoera; azken urteetako irabazleak:
- 2022 Mikel Perez de Obanos eta Maite Urteaga
- 2021 Iker Eskibel
- 2020 (Ez zen jokatu pandemiagatik)
- 2019 Jon Astigarraga
- 2018 Iker Eskibel eta Amaia Urkidi
- 2017 Iker Eskibel
- 2016 Iker Eskibel eta Maite Maiora
- 2015 Ramon Garcia
- 2014 Josu Uriarte
- 2013 Jorge Gonzalez
- 2012 Mikel Hernandez eta Ainhoa Lendinez
- 2011 Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez
- 2010 Iñigo Lazkano eta Ainhoa Lendinez
- 2009 Josu Uriarte
- 2008 Josu Uriarte eta Ainhoa Lendinez
- 2007 Vicente Gonzalez
- 2006 Jorge Gonzalez
- 2005 Iñigo Lariz eta Ane Mendia
- 2004 Ramon Garcia eta Gotzone Aierdi
- 2003 Iñigo Lariz
- 2002 Iñigo Lariz
- 2001 Iñigo Lariz
- 2000 Iñigo Lariz
- 1999 Jose Mari Fernandez eta Ismene Fulgencio
- 1998 Ramon Garcia
- 1996 Jose Mari Fernandez
- 1995 Aitor Etxaniz eta Inma Ruiz