Gonzalez anaien erakustaldia Idotorbeko maldetan

elgoibarren.net 2013ko urr. 15a, 08:20

Iban eta Jorge Gonzalez anaiek erakustaldia eman zuten zapatuan San Pedroko Igoeran. Eskutik helduta gurutzatu zuten helmugako marra, nahiz eta epaileek anaia zaharrena, Jorge, jo zuten irabazletzat. Txirrindulariak baino pixka bat beranduxeago abiatu ziren Idotorbeko maldetan gora roleski igoerako partaideak, eta aurrenekoz neska bat gailendu zen: Cintia Martinez iruñearra. (sailkapenak eta argazkiak dauzka)


 55 txirrindularik hartu zuten parte zapatuan Julian San Juanen Oroimenezko 22. San Pedroko igoeran. 55 lagunek bai, baina 54 bizikleten gainean. Izan ere, Mikel Lopezosa eta Mikel Hernandezek tandem bizikleta baten gainean egin zuten igoera. Ez ziren batere gaizki moldatu gainera, sailkapen nagusiko 21. postuan sailkatu ziren-eta 17:12 denborarekin. Txirrindularitzan lehiatzeari laga dio aurten Lopezosak, eta, agur modura, denboraldiko azken lasterketa modu berezian egitea erabaki zuen. Pedalei eragiteko laguntzat ez zuen edonor aukeratu, iaz igoera irabazi zuen Mikel Hernandez plaentxiarra, hain justu ere. 
Anaien nagusitasuna
 Bitxikeriak alde batera lagata, Gonzalez anaiak izan dira jaun eta jabe aurtengo igoeran. Anaia gazteena, Iban ailegatu zen lehen postuan azken metroetara, baina anaia zaharrena (Jorge) atzetik zetorrela jakin zuenean zain gelditzea erabaki zuen eta biak batera helmugaratu ziren. Epaileek, baina, Jorge jo zuten irabazletzat, haren bizkletako gurpilak lehenago gurutzatu zuelako helmugako marra. Hamabost minutu justu behar izan zituzten biek Kalegoen plazatik Idotorbera dauden 3,8 kilometroak egiteko. (Iñigo Larizek dauka probako errekorra, 13:21). Hirugarren eta laugarren sailkatuak ere, Ruben Merino eta Jorge Cordon, hurrenez hurren, denbora berean sartu ziren helmugan, 15:11 denborarekin. 
Cintia Martinezen garaipena roleski igoeran 
Sei lagunek parte hartu zuten Idotorbeko rolski igoeran, eta Cintia Martinez iruñearra izan zen guztietan azkarrena, 26 minutu eta hogeita hamar segunduko denborarekin. Iker Leonardo elgoibartarra salkatu zen bigarren postuan (26:42) eta Arkaitz Irureta hirugarren postuan. 
ARGAZKIAK
 
*Goiko argazkia: Urgazi Triatloi Taldea.