Nerea Sasiainek irabazi du LaRoita erronkaren bosgarren edizioa, emakumeak lehiatu diren aurrenekoa

Barren 2025ko uzt. 5a, 18:22

Ikuskizun aparta eskaini dute Nerea Sasiainek eta Ainara Burunzak LaRoita erronkaren bosgarren edizioan, emakumeak lehiatu diren estreinakoan. Erronkariak ikustera Karakaten batu diren lagunek ere sekulako giroa jarri dute.

LaRoita erronka guztietan moduan, jende ugari batu da Karakate gainean, gazteak ia denak eta aurrekoetan baino emakume gehiago, nabarmen. Sasiain eta Burunza animatzeko pankartak eraman dituzte mendi gainera bataren zein bestearen koadrilakoek.

Gazte ia denak mugikorrei begirik kendu gabe zeuden gailurrean, baina ez denporapasan, probaren zuzeneko emisioari adi-adi baizik. Ohitura duten legez, Youtubetik zuzenean eman dute proba; hasieratik bukaerara, eta hiru esatariren komentarioekin: Unai Astiazaran, Gartxot Fidalgo eta Gorka Iriondo.

Igoeraren azken zatira elkarren segidan ailegatu dira erronkariak eta emozioa areagotu du horrek. Nerea Sasiain agertu da aurrena jendartera, eta ikusle andanaren erditik egin ditu azken metroak, txalo eta animo artean. BARRENi emandako elkarrizketan esan zuen moduan, "Zegama-Aizkorri txiki hori" barrutiki bizitzeko aukera izan du. Segundu gutxitara ailegatu da Burunza. Tontorrera ailegatzearekin bat, besarkada luzea eman diote elkarri. Emozioak askatzeko beharra zuten, entrenamenduetan azken hilabeteetan egindako ahaleginaren amaiera baitzuten. Batak zein besteak lagun mordoa eskertu dituzte LaRoitakoek Karakate gainean egin dieten elkarrizketan.

Festagiroa Maalan eta plazan

Txapelak falta zituztela-eta, Maalan egin dute sari-banaketa ekitaldia, eta garaikurrak banatu ondoren hasi da erronkaren bigarren zatia: festa. Mauxitxa txarangarekin hasi dute kalejira eta poteoa, eta Kalegoen Plazaraino joan dira, han bazkaldu baitute. 450tik gora lagun elkartu dira bazkaritarako. Beroari aurre egiteko eguzkitako handi batzuk inguratu behar izan dituzte. Arratsaldean jarraitu du festak, karropoteoarekin eta kontzertuekin (ikus egitaraua).

Lotura duten albisteak: