Sasiain atletismoan ibili da umetatik eta azken bi urteotan crossfit-ean dabil. Burunzak, berriz, IVEF ikasketak egin zituen Santanderren, eskubaloian jokatu du urte askoan, eta honek ere crossfit egiten du orain. Biak dira kirolariak, baina triatloirik ez dute sekula egin. Hiru proba ditu La Roita erronkak: Mutrikuko portuan hasiko dituzte lanak, igerian. Ondoren, Kalbario gainetik bizikletaz etorriko dira Elgoibarreraino eta azkenik, Kalegoen plazatik Karakatera igo beharko dute. Gogor entrenatu dira, eta ilusioz daude, baina aldi berean urduri ere bai. Emakumezkoen kirola bistaratzea dute helburu nagusia, eta ahal den neurrian, gozatzea. Emaitza dena delakoa izanda ere, biek irabazi dutela uste dute.
LaRoita erronkan estreinakoz hartuko dute parte emakumezkoek. Nola animatu zarete?
Ainara Burunza: Nire burua horrelako proba bat egiteko gai izateak inbidia ematen zidan, eta La Roitakoek iragarri zutenean erronkarako emakumezko bila ari zirela parte hartzera animatu ninduten lagunek. Helburutzat jarri nion nire buruari eta horrela entrenatzeko aitzakia izan dut.
Nerea Sasiain: Ni Madrilen nengoen La Roitakoek emakumezkoak behar zituztela jakinarazi zutenean, eta hasieran ez nuen aukerarik ikusten entrenatzeko, baina azkenean praktikaldia laburtu egin nuen eta La Roitakoak zuzenean etorri zitzaizkidan proposamenarekin. Bi aldiz pentsatu gabe esan nien baietz. Beti egin dut kirola, baina
erronka moduan hartu nuen hau, nire gorputza proban jartzeko.
Hiru emakumezko nahi zituzten antolatzaileek, baina azkenean biok egingo duzue.
N.S.: Bai, pena izan da hirugarrenik animatu ez izana. Hiruren artean lehia politagoa izango litzateke eta ikusgarritasun handiagoa emango lioke
probari. Presioa ere orain erdibana daukagu, eta hiruren artean presio hori ere txikitu egingo litzateke.
Baina bueno, La Roitaren lehenengo erronka ere biren artekoa izan zen, eta orain ere bata bestearen kontra jardungo gara.
Nahaste Borrasten ere aurten emakumezkoei egin diete parte hartzeko deia. Zuek pausoa eman duzue.
A.B.: Bai, iruditzen zaigu garrantzitsua dela aurpegia ematea. Nahi badugu emakumeak kirolera animatzea, denok ipini behar dugu gure alea eta eredua ematea garrantzitsua da. Askok esan didate ni kirolaria naizela eta zailena egina daukadala, baina hiru disziplina hauetan zerotik hasi naiz eta niri ere kostatu zait gorputza proba honetarako prestatzea. Biok hasi gara zerotik, beraz, beste edozeinek ere har dezake parte.
N.S.: Biok joan ginen dendara bainujantzia, txapela eta igeriketarako betaurrekoak erostera!. Umeak ginenetik igeri egin gabe geunden biok, bizikleta ere etxean baneukan baina aspaldian ukitu gabe, eta Karakaterako bidean ere galdu egiten nintzen. Kirola egitea da gauza bat, baina oso bestelakoa da kirol mota konkretu batzuk egitea. Gure kasuan biontzako izan da erronka handia proba hau prestatzea, eta ez dezala inork pentsatu kirolariak garelako erraz egingo dugunik. Jendeari igeriketak atzera egitea eragiten dio, Kalbarioko portuak ere fama txarra dauka -izena ere halakotxea dauka-, eta Karakatera igotzea ere denok dakigu gogorra dela. Orduan ez da erraza animatzea. Nik ez nuen gehiegi pentsatu, baina entrenatzen hasi nintzenean behin baino gehiagotan galdetu nion neure buruari zergatik eman ote nuen izena. Probaren gogortasunak seguru bota dituela atzera emakumezkoak.
Lotura duten albisteak:
- La Roita: Kirol erronka baino gehiago (2024-06-25)
- Iker Odria, txapeldunen txapelduna La Roita erronkan (2024-06-22)
- La Roita erronkako txapeldunak, aurrez aurre (2024-06-14)
- Ion Fernandezek irabazi du LaRoita erronkaren hirugarren ekitaldia (2024-07-01)
- Ioritz Leiaristik irabazi du LaRoita apustua eta errekorra ezarri du gainera (2024-07-02)
- Odriak irabazi dio De La Aradari ikusmin handia sortu duen erronka (2024-06-26)