Lehenengo aldia arrakastatsua denean, sortutako ikusmin horri eustea bera erronka izan ohi da, eta erronka hori aise gainditu dute gaur ere La Roita kuadrillakoek. Apustu berezia antolatu zuten gaurko. Antxon De La Arada, Ioritz Leiaristi eta Ivan Rogel aritu dira lehian eta egin beharreko lana iazko bera izan dute: Mutrikuko portuan 600 metro igerian egin, portuan bertan bizikleta hartu eta Kalbarioko gainetik Elgoibarreraino etorri, eta azkenik, korrika lotu Kalegoen plazatik Karakateko tontorrera arteko bidea. Eta lan hori egiten azkarrena, Ioritz Leiaristi izan da. Proba irabazi ez ezik, iazko irabazleak, Iker Odriak ezarritako errekorra ere ondu du Leiaristik, 1:23:56ko denbora eginda (Odriak 1:24:50eko denbora behar izan zuen). Ivan Rogelek egin du bigarren, lehenengoarekiko 5:43ra iritsita, eta Antxon De la Arada sailkatu da hirugarren.