Gehiago nor zen erabakitzea bakarrik jokoan izan arren, lan handiak aukeratu zituzten Odriak eta De La Aradak indarrak neurtzeko: Mutrikuko portua, Elgoibarko plaza eta Karakate lotu dituen erronka. Eta, koadrilakoek ere hartu dituzte lanak erronka prestatzen. Norgehiagoka girotze aldera, kartelez josi zituzten Elgoibar zein Mendaroko hormak eta kontuak ere sortu dituzte sare sozialetan. Gaur, hain justu, Instagramen duten kontutik zuzenean eman dute erronka, eta 200dik gora jarraitzaile izan dituzte une batzuetan. Unai Astiazaranek, Gartxot Fidalgok eta Gorka Iriondok egin dituzte komentarista-lanak, Karakateko antenapean ipini duten karpatik. Bi kirolarien atzetik zihoazen lagunek hartutako irudiak komentatu dituzte esatariek emanaldian.
Lehiari dagokionez, Mutrikuko portuan 600 metro igerian eginez hasi dute erronka 9:30ean. Antxon De La Arada irten da uretatik lehenago, eta 54 segundoko aldea atera dio Iker Odriari. Bizikleta hartu dute gero eta Kalbarioko gainera igo ostean, Kalegoen plazan amaitu dute bizikletako zatia. Odriak nahiko azkar harrapatu du de La Arada eta elkarrekin egin dute bizikletako zati ia guztia. Plazara ere bata bestearengandik metro gutxira ailegatu dira. Plazatik Karakate gaineraino igo dira gero, bakoitzak nahi duen lekutik. Odria ailegatu da tontorrera lehena, eta ordu bat 24 minutu eta 50 segundoan osatu du proba guztia. Hiru minutu eta erdi gehiago behar izan ditu De La Aradak. Lagunak harrituta zeuden egin duten denborarekin, azken egunetan egin dituzten apostuetan gutxik uste baitzuten ordu eta erditik jaitsiko zirenik. Karakate gainean aurkituko zuten girorik ere ez zuten espero, ez behintzat horrenbestekorik. Karakateko igoera gogora ekartzen zuten azken metroek. "Herriko horrenbeste gazte ikustea hunkigarria izan da. Une hori betirako gordeko dut nire buruan. Ederra izan da", esan du Antxon De La Aradak.
Pozik zeuden bi erronkariak, gogorra izan dela aitortu dute biek, baina gustura ziren egindako lanarekin eta are gusturago lagunek erronka antolatzeko egindako ahaleginarekin eta ikusleak pozik ikusteaz. "Azken hilabeteetako tristura eta gero, halako poztasunen premian gaude gazteok", esan du Odriak lehia amaitu ostean lagunek egin dioten elkarrizketan. Lagunarteko erronka moduan sortu zenak zeresan handia eman duela gaineratu du eta kalean askok gelditu dutela erronkaz galde egiteko edo animoak emateko. Errebantxarako atea ere zabaldu du gaur galtzaile izan den De La Aradak. "badaukagu hitz egiteko astia, baina ni prest nago berriro jokatzeko", esan du. Karakatetik elkarrekin bazkaltzera joan dira denak.