La Roita erronkako txapeldunak, aurrez aurre

Barren 2024ko eka. 14a, 08:25

Txapeldunak jarriko dituzte aurrez aurre La Roita Erronkan, hilaren 22an, eta BARRENek ere jarri die erronka: galderei erantzuteko jokoa.

Ekainaren 22an jokatuko dute Elgoibarren La Roita erronkaren laugarren edizioa. Aurrekoetan moduan, Mutrikuko portua, Kalegoen plaza eta Karakate lotuko ditu erronkak eta lehenengo hiru ekinaldietan txapeldun izan direnak lehiatuko dira: Iker Odria, Ioritz Leiaristi eta Ion Fernandez. Egun berean, Mendaron jubenilen Gipuzkoako Txirrindularitza Itzuliko lehenengo etapa jokatuko dutenez, proba orduerdiz aurreratzea erabaki dute antolatzaileek, eta beraz, 09:00etan hasiko dute desafioa hiru lehiakideek, Mutrikuko portuan. Dena ez da kirola izango, baina, erronkaren aitzakian, egun osoko jai-egitaraua antolatu dutelako La Roitakoek.

Asperdurak sormena sustatzen duen modu berean sortzen du parrandak desafiotarako giroa Euskal Herrian, eta bietatik izan zuen sorreran La Roita erronkak. Covid-aren pandemia betean, etxera lotu gintuzten garaian, hasi zitzaizkien kuadrillakideak Antxon De la Arada eta Iker Odriari belarriak berotzen, eta akuilatu zituen Unai Astiazaran lagunak gero. Igerian, bizikletan eta korrika hiru joko egitekoak zituzten hasieran: piszinan saio bat, saltaka Karakatera igo eta Mendaro eta Idotorbe bizikletaz lotu hirugarren joko batean, baina laster eman zioten triatloi forma kuadrillan, desafioa egun bakarrera ekarrita.
Mutrikuko portua, Elgoibarko plaza eta Karakate lotu zituzten joko berean, jarri zen kuadrilla oso bat lanera, lotu zuten eguna, sortu zituzten Instagram kontua eta porra, josi zituzten bazterrak kartelez, izendatu zituzten emankizunerako aurkezleak (Unai Astiazaran bera, Gartxot Fidalgo eta Gorka Iriondo) eta demaseko jai-giroa sortu zuten herrian, Iker Odria eta Antxon De la Aradaren arteko norgehiagoka haren bueltan. 2021eko ekainaren 26a zen. Sekulako ikusmina sortu zen herrian, bereziki gazte jendearen artean, baina hartu zioten tamaina kirolariek presio hari. Iker Odriak irabazi zuen apustua, 24 minutu eta 50 segundoko denbora eginda [Hiru minutu eta erdi gehiago behar izan zituen De La Aradak], eta ospatu zuten lagunek Idotorben egindako bazkaritan hasita. Gau hortan bertan bota zion desafioa Ioritz Leiaristik Iker Odriari hurrengo urterako. "Erronka izan zen asteburu berean jakin nuen Odriak erronka jokatzekoa zuela eta sekulako inbidia sentitu nuen. Eta apustuko gau hartan bertan jo nion desafioa hurrengo urterako", oroitu du Leiaristik. 2022ko apirila aldera arte, Odriaren kuadrillakideak bila joan zitzaizkion arte, ez zion inork gaia aipatu. "Arre edo iso egin behar zela esanez etorri zitzaizkidan eta ia animatuko nintzatekeen bigarren ediziorako. Baietza eman nien". Topatu zizkioten aurkariak, Antxon De la Arada eta Ivan Rogel, eta urte hartako uztailaren 2an jokatu zuten desafioa, estreinako aldiko joko bera: Mutrikuko portuan 600 metro igeri egin, bizikletaz Kalegoen plazaraino etorri eta Karakatera saltaka igo. Leiaristik berak irabazi zuen, eta 1:23:56an ezarri zuen errekorra. Ivan Rogelek egin zuen bigarren eta Antxon De la Aradak hirugarren. "Azken momentuan antolatuta izateko oso ondo irten zen bigarren edizioa ere", nabarmendu du Odriak.

Zimenduak ezarrita zeuden hirugarren baterako. Iazko uztailaren 1ean jokatu zuten La Roita erronkaren hirugarren edizioa Ion Fernandez mendaroarrak, eta Ander Aranbarri eta Asier Basurto elgoibartarrek. "Uztailean jokatu zuten bigarren edizioa, eta urrian onartu nuen nik hirugarren edizioan parte hartzea. Akordatzen naiz goizaldera, Lanbroan, Astiazaranek xaxatu eta paper batean sinarazi zidala", dio Fernandezek. Iritsi zen eguna, eta berriro ere, irudi dotoreak laga zizkigun La Roita erronkak, bai eta ondorenak ere, bistan da. Fernandezek jantzi zuen orduko hartan txapela Karakaten, 1:25:59ko denbora eginda, Aranbarrik egin zuen bigarren eta Basurto sailkatu zen hirugarren, baina berdindu ziren denak desafio osteko parrandan, aurrekoetan moduan. 200 lagun baino gehiago elkartu ziren bazkaritan eta luzatu zuten eguna karropoteo, kontzertu eta Mauxitxa txarangaren kalejirarekin. Aho-zapore gozoa utzi zuen hirugarrenak ere herrian, eta egitarauan beste jai-egun bat gehiago da geroztik Elgoibarren La Roita erronkaren eguna. Aurten, ekainaren 22a markatu dute gorriz.

ZIKLO BATEN ITXIERA

Hala planteatu dute aurtengo erronka La Roitakoek: ziklo baten itxiera modura. Horretarako, hiru edizioetako txapeldunak jarriko dituzte aurrez aurre: Iker Odria, Ioritz Leiaristi eta Ion Fernandez. Sendo egin dute lan La Roitakoek, laugarrena ere ahaztezina izan dadin. Iazko udazkenean hasi ziren antolakuntza lanetan, eta bi-hiru astean behin ari dira elkartzen hamabost bat lagun, erronkaren inguruko gorabeherak lotzeko. "Oso motibatuta gaude denok. Bakoitzak bere rola dauka lantaldean, banatuta ditugulako ardurak. Oinarri sendo bat badugu eta orain dena da errazagoa, baina hemen edozer antolatzea da lana, eta tamaina honetako jai bat egiteko pentsa zenbat gauza hartu behar diren kontuan. Lana da, eta dirua ere bai. Autogestioa da gurea, eta autofinantziazio bidez lotzen dugu ekintza guztiak ordaintzeko dirua. Gauza hutsa eman dezake hau antolatzeak, baina ez da", esan du Odriak. Ez ditu, baina, lanak atzera botatzen. Lortu dutenak ez dauka parekorik eta "obligazioa" ere sentitzen dute honi eusteko. "Aurtengoarekin ziklo bat itxiko dugu, eta datorren urterako beste zerbait ari gara pentsatzen, ezberdina. Taldeka jokatu, talde mistoak egin... aukera ezberdinak aztertzen ari gara, eta Instagramez ere zabaldu dugu proposamenak egiteko aukera". Hori datorren urterako, baina Aurtengorako, egun osoko egitaraua antolatu dute: erromeria, poteoa, porra, Mauxitxa txarangaren kalejira, karropoteoa eta 21:00etatik aurrera Kostako Vives, Jeizy´s Tyros, Olgetan eta Alternative Division taldeen kontzertuak, Gaztetxean. 500 bat lagunentzako paella jana ere egingo dute Sigmako aparkalekuan (300 lagun baino gehiago daude dagoeneko izena emanda). Paellaz gainera, amamaren haragi bolekin eta etxeko pantxinetarekin osatuko dute menua, eta zapiak ere banatuko dtiuzte. Kuadrillaka eman behar da izena. Kuadrila bakoitzeko ordezkari batek zerrenda osatu eta ekainaren
13a baino lehen bidali beharko die antolatzaileei, Instagramen duten kontuaren bidez. Eta ohi duten moduan, zuzenean emango dute erronka, esatari eta komentaristen laguntzarekin.

Hona iaz jokatu zuten erronkako azken metroak eta sari banaketa ekitaldia Karakateko tontorrean.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Barren Aldizkaria (@barrenaldizkaria)