Iker Odria, txapeldunen txapelduna La Roita erronkan

Barren 2024ko eka. 22a, 17:56

Aurreko hiru edizioetako txapeldunak jarri dituzte aurrez aurre aurtengo La Roita erronkan, eta estreinakoa irabazi zuena izan da gaur ere garaile, Iker Odria.

Orain arteko markarik onena eginda lortu du garaipena Iker Odriak (01:20:15). Ioritz Leiaristi izan da bigarren eta Jon Fernandez hirugarren. Eguraldi bustia izan dute kirol proba egiteko eta Karakate gainean ere behelainoa eta euri langarra ari zuen. Hala eta guztiz, gazte mordoa batu dira Karakaten erronkarien azken metroak zuzenean ikusteko eta animoak emateko. Eta ikusleek ere izan dute animatzeko aukera, Mauxitxa txaranga ere igo baita Karakate gaineraino, erronka txarangako doinuez girotzera. Irudi bitxia izan da Txaranga Karakateko antenaren ondoan joten ikustea. 
Mutrikuko portuan hasi dute erronka, 9:00etan puntuan. Ion Fernandez izan da azkarrena 600 metroko igeriketa saioan, baina 9 segundoko aldea bakarrik atera dio Leiaristiri. Bizikletako tartean Kalbario gaina igo behar izan dute Elgoibarrera bidean, mendate motz baina tentea. Leiaristi igaro da lehen postuan mendate gainetik, 10 segunduko aldeaz. Mendarora arte lehen postuari eutsi dio Leiaristik, baina Fernandez mendaroarrak aurrea hartu dio bere herrira iritsi aurretxoan, eta Kalegoen plazara ere Fernandez ailegatu da aurrena. 20 bat segundora iritsi da Leiaristi. Fernandezengandik minutu eta 20 segundora iritsi da plazara Iker Odria. Karakatera igotzen, baina, bera izan da azkarrena, eta harrapatu eta pasatu egin ditu beste biak. Bera izan da indartsuena Karakateko malda pikoetan eta minututik gora atera dio Leiaristiri tontorrean. 

Zuzeneko emisioa

Aurreko edizioetan moduan, erronkako antolatzaileek zuzenean eman dute erronka Youtube bidez, eta jarraipen handia eduki du; 500dik gora jarraitzaile izan dituzte une batzuetan. Proba guztian zehar kamerari bat izan du atzetik parte hartzaile bakoitzak, Karakaten gora CATT Morkaikoko lau kide aritu dira kamerari lanetan, eta irudi horiek komentatu dituzte Karakate gainetik Unai Astiazaranek, Gartxot Fidalgok eta Gorka Iriondok. Hirukotea Fermin Aramendi edo Xabier Usabiagaren parean edo hobeto moldatu da esatari lanetan. Probaren amaieran, sari banaketa egin ostean protagonistak ere elkarrizketatu dituzte Karakaten muntatu duten telebista estudioan. Merezi du probaren emisioa ikusteak, HEMEN

Ondorengo bideoan, Karakateko azken metroak eta parte hartzaileei elkarrizketak:

 

Lotura duten albisteak: