Ion Fernandez mendaroarra izan da hiru lehiakideetan azkarrena. Ordu bat, 25 minutu eta 59 segundoan osatu du proba. Hortaz, ez du ondu iaz Ioritz Leiaristik ezaritako errekorra (1:23:56). Lehen edizioko irabazleak, Iker Odriak, 1:24:50eko denbora behar izan zuen.
Aurreko ekitaldietan moduan, Mutrikun hasi dute lagunarteko erronka, 9:00etan, portuan 600 metroko igeriketa proba eginez. Fernandez irten da lehena uretatik eta bizikleta gainean ere eutsi egin dio abantailari. Kalegoen plazaraino etorri dira bizikletan, bidean Kalbarioko gaina igo eta jaitsi ostean. Azken lana ez zuten edonolakoa, Karakateko tontorrera igo behar baitzuten. Esan bezala, Fernandez izan da lehena, Ander Aranbarrik egin du bigarren eta Asier Basurtok hirugarren. LaRoitakoek zuzenean eman dute erronka Youtuben duten kanaletik eta esatariek elkarrizketa ere egin diete aurtengo hiru protagonistei, sari banaketa ekitaldia egin ostean.
- Probako azken metroak bideoan
Uztailaren 1a izan arren, udazkeneko giroa zegoen Karakate gainean, aire freskoa baitzegoen. Goian batu den gazte andanak berotu du baina giroa. Txaloak, animoak eta pankartarik ere ez dute falta izan kirolariek. Karakateko igoerako azken metroetan moduan, jende artean egin dituzte saltaka azken metroak. Eta, jai giro horrek herriko kaleetan izango du segida, aurtengoa kirol erronka bat baino gehiago izango zela agindu baitzuten LaRoitakoek. Egitarau oparoa prestatu dute. Maalan batu eta karropoteoa egin dute lehenik, Mauxitxa txarangaren laguntzaz, eta 200dik gora lagun batu dira bazkaritarako.
Hona BARRENek eta Iosu Atxak ateratako hainbat argazki:
∞Lotura duten albisteak:
- LaRoita kuadrillakoek egun osoko egitaraua prestatu dute erronkaren harira (2023-06-27)
- Ioritz Leiaristik irabazi du LaRoita apustua eta errekorra ezarri du gainera (2022-07-02)
- LaRoitakoek bigarrengoz jokatuko dute erronka, baina formatua aldatuta (2022-06-02)
- Odriak irabazi dio De La Aradari ikusmin handia sortu duen erronka (2021-06-26)