Talde mistoetan lehiatuko dute LaRoita erronka

Barren 2025eko azaroaren 19a

LaRoita erronka erakargarriago egiteko berritasunak sartu zaleak dira antolatzaileak, eta banakakoa zen lehia taldekakoa bihurtu dute estreinakoz.

Datorren urteko udan jokatuko duten arren, dagoeneko zabalik dago LaRoita erronkaren seigarren ekitaldirako izena emateko epea.

Iaz emakumezkoak aritu ziren lehian lehendabizikoz (Nerea Sasiain eta Ainara Burunza), eta taldeen arteko lehia izango dela da seigarren ediziorako berritasun nagusia. Antolatzaileek zehaztu dutenez, hiru lagunez osatutako taldeek mistoak izan beharko dute; talde bakoitzean gizon edo emakume bat, gutxienez. Gainera, "lagunartekoak" izan beharko dute taldekideek, hau da, kuadrilla, kirol talde edo kinta berekoak, edo bikote harreman batean daudenak, bestela. Erronkan egin beharreko kirol jarduera aurreko edizioetakoa izango da, baina oraingoan taldekide bakoitzak kirol disziplina bakarra osatu beharko du: lehenak igerian Mutrikuko portuan; bigarrenak bizikletaz Mutrikutik Elgoibarrera; eta hirugarrenak Kalegoen plazatik Karakate gainera ailegatu beharko du. Interesa dutenek abenduaren 14rako eman beharko dute izena LaRoitakoekin instagramen duten kontuaren bidez harremanetan jarrita. 

LaRoitakoek iragarki modukoa ere sortu dute seigarren edizioari buruzko nondik norakoen berri emateko (ikus bideoan). 

Gabon Zahar Eguneko azokan emango dituzte ezagutzera erronkarren seigarren ekitaldiko partaideak zein diren, herrian zabalduko dituzten kartelen bidez. Merkatu plaza aurrean postua ere ipiniko dute, eta errifak saltzen arituko dira, zozkatuko duten produktuz beteriko otarraren bueltan. 

Lotura duten albisteak: