Ezohiko irudia laga digu gaur goizak Elgoibarren. Morkaikoko gurutzea falta zen. Berehala zabaldu dira irudiak sare sozialen bidez, eta haietan argi ikusten da gurutzea eraitsi dutela. Elgoibarko Udalak ez du momentuz honen inguruko adierazpenik egin, baina Maialen Gurrutxaga alkateak esan du goizean zehar emango dutela gertatutakoaren gaineko informazioa .
Bitxia da gurutzearen inguruko kontua: Alfonso Carlos de Borbon y Orleans hil zen Morkaikon, 1936ko irailaren 27an, buruan tiro bat jaso ondoren. Borboidarren familiako kidea {Juan Carlos I.a erregearen amaren anaia zen} Nafarroako erreketeen taldearekin ibili zen 36ko Gerran errege-alferez gisa.
2014an Elgoibarko Udalak herriko ikur frankistak kentzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei jarraituta, eta kendu zituzten etxebizitzetan zeuden plaka eta hainbat armarri, baina Morkaikoko gurutzea bertan lagatzea erabaki zuen Udalak. Alfredo Etxeberria orduko alkateak esan zuen ikur frankista guztiekin ezin zela berdin jokatu, eta gurutzea bertan lagatzea erabaki zuten. 1943an sortu zuten Morkaiko mendizale elkartea ere, eta urte askoan izan zuen gurutzea elkartearen logotipoak.
Memoria historikoaren alde lanean diharduen Elgoibar1936 taldeak bideoan jaso zuen gurutzearen historia.

