Bi auto ikertzen ari da polizia Morkaikuko gurutzea eraitsi dutenekin zerikusirik duten argitzeko

Barren 2025eko azaroaren 18a

Bart gauean Morkaikuko gurutzea eraitsi dutenekin zerikusia izan dezaketela-eta, bi auto ikertzen ari da polizia. Elgoibarko Udalak mezua zabaldu du gertakariaren harira.

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, gertatutakoa argitzeko lanean ari dira Udaltzaingoa eta Ertzaintza. Pista nagusi bat dute, Morkaiku inguruan agertu diren bi ibilgailu, hain zuzen ere. Morkaiku mendira igotzeko mendibideen hasieran daude bi ibilgailuak, bata bestearengandik ehun bat metrora, tontorretik gertu. Gurpilak zulatuta dituzte, eta poliziak uste du gurutzea botatzeko erabilitako materiala dela barruan topatu dutena. 
Etzi beteko dira 50 urte Francisco Franco Espainiako diktadorea hil zenetik.

 

Elgoibarko Udalaren mezua

Elgoibarko Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, urteak daramatzate memoria historikoa eta demokratikoa sustatzeko lanean, "ordukoak, gerraldikoak eta diktadura urteetakoak, gogora ekartzen". Argi laga dute ikur horrek duen esanahia aldatzea izan dela beti Udalaren asmoa, eta horregatik kendu zutela gurutzean zegoen idazkuna ere. Idazkuna kendu eta gurutze hutsa laga zuten, "garai hartako gertakarien lekuko soil". 

Gurutzea eraitsi ordez, haren esanahia eta testuingurua ezagutzera emateko lanketa bat egitea egokiagoa ikusi du beti Udal gobernuak, memoria historikoan adituak direnen gomendioei jarraiki. "Gurutzeari esanahi berritua emango dion panel bat jartzea proposatu genuen, eta Memoriaren Ibilbidearen esparruan txertatzeko apustua egin nahi izan dugu. Memoriaren ibilbide horren helburua, hasieratik, Elgoibarren historia eta memoria demokratikoa berreskuratzea eta zabaltzea izan da". Horren harira zehaztu dute pedagogia egitea lehenetsi dutela beti, gurutzea ez dadin objektu isolatu gisa ikusi. Morkaikuko gurutzearen gaia bizikidetza mahaian landu nahiago izan du Udalak, "alderdi guztien iritzia entzun eta aditu ezberdinen parte-hartzea bultzatuz".

Elgoibarko Udalaren ustetan, gurutzeak, bere tamainak eta Zirardamendiko hobien parean kokatuta egoteak, "36ko Gerraren izugarrikeriaren neurriaren eta erregimen frankistaren izaera totalitarioaren irudia osatu eta eskaintzen dute". Horregatik uste dute gurutzea eraistea errealitate hori ezabatea dela. Prentsa ohar berean diotenez, elgoibartarrentzat Morkaikuko gurutzea ez da erregimen frankistaren oroitzapen edo gorespen leku bat. Kontrara: Uste dute elgoibartarrek mendizaletasunarekin identifikatzen dutela gehiago ikur hori, eta herriak dituen ikurren artean bat gehiago dela. 

Nabarmendu dute giza-eskubideen urraketekin eta "Monumentu Ezerosoak" izenekoekin zerikusia duten leku eta elementuak "desaktibatzea" eta haien esanahiz berritzea ohiko politika da nazioartean. Euskal Herrira etorrita, Saibigaingo gurutzea jarri dute horren adibidetzat. "Euskal testuinguruan, Saibigaingo gurutzearena adibide garbia da frankismoko gorespen-leku baten esanahi berritzeak izan dezakeen oihartzunaren eta indarraren inguruan".

Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoa

2011ko urrian, 36ko Gerra eta diktadura goraipatzen dituzten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoa aurkeztu zuten. Katalogo hori Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak eskatuta egin zuten. Ondoren, 2012an, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak Euskadin ikur frankistak kentzeko Batzorde Tekniko bat eratu zuen. Batzorde horrek 2012ko urrian aurkeztu zuen Euskadin ikur frankistak kentzeko gomendio-irizpena, eta hori jarraitu du Udalak. Batzordearen gomendioa jarraituz, Morkaikuko gurutzean Francoren tropen garaipena goraipatzen zuten zati sinbolikoak erretiratu ziren". 

Azken urteetan memoria historikoa berreskuratzeko egin diren ekintzak ere aipatu dituzte Udaletik, tartean urtero iraileko azken aurreko domekan Zirardamendin egiten duten omenaldi ekitaldia horien artean. "Zirardamendi gainean bertan bizia emateraino borrokatu zuten gudari eta milizianoak omentzen ditugu egun horretan. Tontorrean bada burdinazko kurutze txikia, 50eko hamarkadan gudari ohiek euren borrokakideei eskainia. Gurutze biak, Morkaikukoa eta Zirardamendikoa, gerraren lekuko dira". Hori izan da orain arte Udalaren helburua: "memoria egin eta Gogorak adierazten dituen ikur frankistak kendu eta dagokienei bere esanahia ematea". 

"Frankismoaren ikurren aurkako ekintza", Elgoibar 1936 taldearentzat

Elgoibar 1936 memoria historikoa berreskuratzeko taldeak sare sozialetan azaldu duenez, 1936ko irailaren 27an Morkaiku mendiko borrokaldietan hildako Carlos Borboikoa-Bi Siziliak eta Orleans Espainiako printzearen eta han hildako errekete guztien omenezko monumentua zen gurutzea, Elgoibarren zegoen azken ikur frankista. Horregatik, ekintza goraipatu du taldeak: "Udalaren betebeharra zen ikur hori kentzea. Hau ez da sinbolo erlijioso baten aurkako eraso bat: frankismoaren ikurren aurkako ekintza bat dela iruditzen zaigu. Gora Euskal Herri antifaxista!".