Bandalismo ekintzatzat hartu du EAJk Morkaikuko gurutzea eraitsi izana. Morkaikuko gurutzea elgoibartar guztien elementua dela azpimarratu du EAJk, 1936ko gertaera erabakigarri bat gogorarazten zuelako eta lotura zuelako datorren urtean 90 urte beteko dituen lehen Eusko Jaurlaritzaren sorrerarekin, bai eta kolpe militarrarekiko askatasuna defendatu zuten gudarien memoriarekin ere. Haren balioa "ibilbide historiko zabalago batean" txertatzen zela esan dute jeltzaleek, eta ondare hori ezin dela alde bakarrez eta "elkarrizketa demokratikoa saihesten duten ekintzen bidez" moztu. "Inork ezin du bere kabuz erabaki iraganeko zein elementuk osatzen duten ordezkatzen ez duten herri baten memoria. Inor ezin da herritarren ahots moduan aurkeztu, bere irizpidea indarraren bidez inposatuz. Argudioekin lotzen ez dena ezin da inoiz indarkeriaren edo bandalismoaren bidez justifikatu. Ez da onargarria gutxi batzuek eztabaida demokratikoa inposioz ordezkatu nahi izatea, ezta aldebakartasunetik jardutea ere guztiona dena bereganatzeko", zabaldu dute horren harira.
EAJren ustez, Morkaikuko gurutzeak beste esanahi bat zuen gaur: gerra oroitzeko balio zuen eta baita askatasuna defendatu zutenen sakrifizioa balioan jartzeko ere. Eta hura eraitsita, memoriaren kate bat hautsi dela uste dute, Ziardamendin Otxoa de Txintxetruk eta Landak jarritako gurutze txikia ere barne hartzen zuena". Urtero oroitzen ditu EAJk bere gudariak Ziardamendin, irailean. Urte askoan Elgoibar1936 taldekoekin eta beste alderdi batzuetako ordezkariekin batera oroitu izan dituzte, baina badira urte batzuk ordezkari politikoen presentzia murriztu dela.
"Gaur elgoibartar guztiok galdu dugu. Gaur memoriak galdu du. Gaur demokraziak galdu du", dio hitzez hitz EAJren oharrak. Horren aurrean, "memoria plurala, partekatua eta demokratikoa izateko konpromisoa" berretsi du Elgoibarko EAJk, eta azpimarratu du konpromiso horrek "berrinterpretatutako iraganeko elementuak zaintzea, indarkeria mota guztiak baztertzea eta memoria kolektiboa guztion artean eraikitzen dela defendatzea" eskatzen duela.
Horregatik, gertakariak argitzeko eta egileei dagozkien erantzukizunak zehazteko eskatu dute.