Bost puntuko oharra egin du publiko EH Bilduk. Lehenengo puntuan gogorarazi dute diktadura frankistak estatu-kolpea eman zutenekin batera altxatu zen borboi familiako Carlos printzeari gorazarre egiteko eraiki zutela bere garaian, eta ondorioz, Memoria Demokratikoko Legearen arabera, ilegala dela eta, horrexegatik, eraitsi beharreko monumentuen zerrendan zegoela. Horren harira zehaztu dute 2014tik ari zirela EHBildutik legea betetzeko eta monumentua kentzeko eskatzen.
Azkeneko hiru legegintzalditan izan duten iritzia berrestera dator oharra. Hala, nabarmendu dute gurutzeaz egiten zuten balorazioa negatiboa dela eta horregatik ez dutela bat egin Udal gobernuak proposatu dien testuarekin, elgoibartarrentzat Morkaikuko gurutzeak duen balio historiko eta sinbolikoa azpimarratzen dituen testuarekin. "Udaleko EAJ-PSE koalizioak dio 'elgoibartarrentzat Morkaikuko gurutzeak duen balio historiko eta sinbolikoa azpimarratu' behar dela. Baina esaldiari balioespena falta zaio, eta hori statu quo zuritzea da. Axularrek garbi esan zuen duela 400 urte euskara garbian: gero dioenak bego dio". Gurutzearen inguruko iritzi negatiboa du EHBilduk, gurutzeak estatu-kolpea eman eta "Euskal Herriaren aurka abertzaleak eta langileak erahilez jardun zutenak" ekartzen dizkietelako gogora, sufrimendua eraginez.
Azaldu dute horregatik guztiagatik ez dutela onetsi errealitate horri "irmoki erantzuten ez dion" adierazpena, gerra zibila aipatzen duena legitimitaterik gabeko altxamendu faszista aipatu gabe. Eta adierazpenari ezetza emateaz honakoa zehaztu dute: "Eta ezta ere aditzera ematen denean monumentuarekiko elgoibartar guztien iritzia eta sentimendua bat dela eta mantentzearen aldekoa dela".
Balorazioan, azkenik, elkartasuna agertu diete "askatasunaren alde eta diktaduraren aurka borrokatu ziren abertzale eta langileen memoria bizirik mantentzen ahalegintzen diren guztiei".