Kilometroak jaia Elgoibarren

Egun guztiko festa izango da Kilometroak

Barren 2025ko urr. 3a, 12:30

Urtebete eman du lanean Elgoibar Ikastolako komunitateak Kilometroak jaia prestatzen, eta orain, urte osoko lan horri errematea emateko unea iritsi da. Domekan ospatuko dute Kilometroak jaia Elgoibarren, eta egun guztiko festa izango da.

Elgoibar Ikastolak bota dio euskararen soka herriari. Soka heldu, eta salto-saltoka euskara salto egiteko eguna iritsi da. Azpeitiko ikastolak eman zion Kilometroen lekukoa Elgoibar Ikastolari duela urtebete, eta ordutik buru-belarri jardun da lanean Elgoibar Ikastolako komunitatea. Salto-saltoka lemapean pasatu dute urtea, euskarara salto egiteko baldintzak sortzen eta elkarren arteko sokari eragiten. 

Bi helburu

Helburu ekonomikoaz gain, bi helburu izan ditu Kilometroak ekimenak Elgoibar Ikastolarentzat: batetik, elkarlana, parte-hartzea eta lankidetza oinarri hartuta komunitatea sendotzea, eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea. Euskaraz gehiago eta gehiagok egitea nahi izan dute, eta soka izan da euskararako bidea egiteko zubia. Helduengan jarri dute fokua, eta gutxienez ehun helduk euskarara salto egiteko erronka jarri dio Ikastolak bere buruari.

Urte "bizi eta emankorra"

Urtea bizia eta emankorra izan dela nabarmendu dute ikastolatik, eta horren erakusle izan dira herrian nahiz herritik kanpo egin dituzten ekintzak. Soka izan dute gidari, eta sokari eraginez eraiki dituzte zubiak, bai herriko eragileekin zein kanpokoekin. Sokak presente izan dituzte ikasturtean zehar egin dituzten ekintza guztietan: Ikasleen Euskara Batzordea sortu dute, liburu ibiltaria, bideo-klipa, ikastolako frontoiko horma-irudia... eta egitasmo berriez gain, urteroko ekintzak sendotu egin dituzte: besteak beste, Jose Gurrutxaga krosa, Santa Ageda, Euskal Inauteria, Pilota Eguna... Horri guztiari esker, herri osoa Kilometroen bueltan aktibatzea lortu dutela adierazi dute.

Komunitate oso baten lanaren emaitza izango da domekakoa. Urte osoa eman dute lanean Ikastolako guraso, ikasle, irakasle eta beste hainbat eragilek, eta domekan bertan ere mila lagunetik gora arituko dira lanean. Hiru gune eta azpigune bat egongo dira herrian zehar banatuta, adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta ikuskizunekin: Erronka probak antolatu dituzte herri osoan zehar gazteentzat, eta horrez gain, egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak eta kontzertuak ere egongo dira.

Jaiak gune seguruak izateko eskaera

Elgoibarko Kilometroen antolakuntzak azpimarratu du ez dutela onartuko inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edota arrazistarik. “Jaiak gune seguruak izan behar dira eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune”, esan dute eta Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi dutela azpimarratu dute. Hori bermatzeko eta kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana jarriko dute.

Autoak erdigunetik kentzeko eskaera

Euskal Trenbide Sareak eta Lurraldebusek autobus eta tren zerbitzua indartuko dute domekarako, eta Ikastolatik eskatu dute garraio publikoa erabiltzeko Elgoibarrera etortzeko. Hala ere, ibilgailu propioan etortzea erabakitzen dutenentzat sei gune egokitu dituzte: Lerun industrialdea, Mercadona, Guass, Sigma - Olaso industrialdea, Mintxeta (autokarabanentzat) eta Albitzuri. (ikus mapan aparkatzeko guneak)

Horrez gain, herritarrei eskatu diete garajeetatik ez ateratzeko autoak eta erdigunea libratzeko, egitarauko ekintza gehienak kalean egingo dituztelako.

 

1. GUNEA: IKASTOLA

  • 09:00 Ikastolako txarangaren diana (Ibilbidean).
  • 10:00 - 10:30 Irekiera ekitaldia.
  • 10:00 - 11:00 Joaldunak (Ibilbidean zehar).
  • 11:00 - 12:00 Ene Kantak.
  • 12:30 - 13:45 Asgarth.
  • 14:15 - 15:00 Xaribari.
  • 15:30 - 17:00 Go!Azen!
  • 17:15 - 17:45 Kittu.
    < Bazkaria, 13:30etik 16:15era, Ikastolako frontoian.
    < Egun osoan zehar: Puzgarriak, baserri txokoa, Argitxo txokoa, Asier Kidam magoa, elikadura tailerra...

 

2. GUNEA: AITA AGIRRE PLAZA

  • 10:30 - 13:15 Soka salto txokoa.
  • 11:00 - 11:45 Kitziki.
  • 12:15 - 13:00 Txoteko ezpata.
  • 13:30 - 14:30 Heitxi.
  • 14:30 Erbuze konpartsa (Ibilbidean zehar).
  • 15:00 - 16:15 Ehun Kilo.
  • 16:45 - 18:00 Janus Lester.
  • 18:00 - 18:30 Kittu.
  • Egun osoan zehar, txirringa zirkuitoa.

 

3. GUNEA: KALEGOEN PLAZA

  • 10:30 - 12:00 Herri Kirolak + bertsolariak (Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña).
  • 11:00 - 14:00 Kalaka jolasak, haurrentzako.
  • 12:30 -13:30 Malko.
  • 14:00 - 15:30 Itzal erromeria.
  • 16:00 - 17:00 Bengo.
  • 17:30 - 19:00 Trikidantz.
  • Jateko, taloak.

 

BERNARDO EZENARRO GUNEA

  • 11:00 - 12:30 Eingo taldea.
  • 11:45 - 13:45 Mago ibiltariak: Alain Zulaika, Rubik eta Eneko Gutierrez.
  • 13:15 - 14:30 Mauxitxa txaranga.
  • 15:00 - 15:30 Erbuze konpartsa.
  • 15:30 - 17:15 Patxangoi elektrotxaranga.
  • 17:45 - 18:00 Kittu (ibilbidean zehar).
  • Egunean zehar, artisau azoka, eragileen postuak, jatekoa...