Inauteriak

Euskal Inauteriak sustatzen egindako lanagatik aitortza jaso du Regina Arrietak

Barren 2025ko mar. 1a, 11:07

Elgoibar Ikastolan 37 urtean musika irakasle izandako Regina Arrieta omendu dute Euskal Inauteriak sustatzeko eginiko ekarpenagatik, protagonistari ezustekoa emanez gainera.

Elgoibar Ikastolak Kilometroak jaia antolatuko duten urtea dela-eta, aurtengo Euskal Inauteriak beste urte batzuetan baino bereziagoak izan dira; batetik, herriko dultzaineroen eta erraldoien laguntza izan dutelako, eta bestetik, inauterietako festa hau sustatzen urte luzez aritutako Regina Arrieta omendu dutelako.
Arrietak ez zekien ezer omenaldiaz, isilpean gordetzea lortu baitute, eta Euskal Inauteriak antzezten ari ziren ikasle guztiak Kalegoen plazan batu direnean jakin du aitortza egin behar ziotela, mikrofonotik hala esan dutenean. Plaza erdira atera dute 37 urtez Ikastolako musika irakaslea izandakoa, eta omenaldia jaso aurretik ikasleekin dantza egiteko aukera izan du. Geroxeago aitortu du horregatik bakarrik merezi izan duela omenaldiak, dantza egitea asko gustatzen zaiola esan baitu. Dantzaldiak ezustekoa eta emozioa baretzeko ere balio izango zion, patxada handiz eman baititu Euskal Inauterien hastapenei buruzko azalpenak. 

Euskal Inauteriei eta kulturari ekarpena

Ikastolako Kontseilu Errektoreko lehendakaria den Olatz Astigarraga Castañaresek eman dizkio eskerrak Ikastolaren izenean. "Zure ikasle ohi bezala eta Ikastolako kontseilu errektoreko lehendakari moduan, niri dagokit zuri ekerrak ematea. Euskal kulturari eta Euskal Inauteriei eginiko ekarpena agerikoa da, gaur eta urtero egun honetan ikusten dugun moduan. Agerikoa da zure arrastoa bai Euskal Inauterietan eta baita beste hainbat ekitalditan ere. Eskerrik asko Regina", adierazi du Astigarragak. 
Omenduak talde lanari eman dio garrantzia. "Egia da euskal inauteriak, euskal mundua, hemengo folklorea gauza guztietan sartzen saiatu naizela, baina irakasle talde baten artean eginiko lana izan da eta horiek guztiek ere merezi dute txalo bat".

Bobo pertsonaiaren jantzia

Lora sorta bat eta Koadro bat oparitu diote Arrietari, eta ilobaren eta bilobaren eskutik jaso ditu. Bere biloba Elaia Etxanizek eraman du gaur Reginak hainbat urtean Euskal Inauterietan jantzi zuen Bobo pertsonaiaren jantzia. Oparitu dioten koadroan ere halaxe ageri da. Otsagabiko dantzetako pertsonaia bat dela azaldu du, Muskildako Ama Birjinaren ohorezko dantzetan gidari lanak egiten dituena. "Nirekin bat egiten zuen jantzia zela iruditu zitzaidan eta gure Euskal Inauterietara gaineratzea erabaki nuen. Asko kosta zitzaidan gaur nere bilobak jantzi duen traje hori egitea, baina urte askotan luzitzeko aukera eduki nuen", esan du. 

Erlazionatuak