Batetik, Lian Monserrate (AEB, 1981) artista ezagunak, -Murales Lian gisa ezaguna-, Ikastolako frontoiaren kanpoaldean margotu du horma-irudi erraldoia, Elgoibar Ikastolakoen enkarguz. Ikastola eta frontoiaren esentzia batzen dituen "mural berezia" dela nabarmendu dute Ikastolatik. "Horma-irudiak urriaren 5ean ospatuko dugun Kilometroak eguna iragartzen du, gero eta gertuago dagoena", gaineratu dute. Horren harira, antolakuntza lanetarako boluntarioak behar dituztela gogorarazi dute. Interesatuek honako estekan eman dezakete izena, datuak beteta.
AEBetan sortu bazen ere, katalana dela dio Lian Monserratek, han bizi izan baita denbora luzez, duela urte batzuk Euskal Herrira etorri zen arte. Atxondon (Bizkaia) du orain etxea, munduko kaleak lantoki. AEBak, Alemania, Italia, Espainia... han eta hemen ibiltzen da muralak egiten eta bere lanak munduko onenen artean aukeratu izan dituzte. Euskal Herrian ohikoak dira haren irudiak. (hona argia.eus-en egin zioten elkarrizketa bat). Artista honek egin dituen lanak bere instagrameko kontuan ikus daitezke.
Herrian egin duten bigarren horma-irudia Herriko Antzokiko kanpoaldean dago, eraikinaren albo batean, leihatilaren ezkerraldeko horman.