Elgoibar Ikastolak hartu du Kilometroak jaiaren lekukoa

Barren 2024ko urr. 7a, 14:13

Elgoibar Ikastolako ordezkari Olatz Astigarraga eta Jon Lizarralde Kilometroak jaiko lekukoarekin.

Azpeitian ospatu zuten atzo Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaia, eta datorren urterako lekukoa hartu zuten inaugurazio ekitaldian Elgoibar Ikastolakoek. 2025eko urriaren 5ean, beraz, Elgoibarren ospatuko dira Kilometroak. Lekukoari harrera egingo diote eguenean, Ikastolan. 

Jai giroan ospatu zuten atzo Kilometroak jaia, Azpeitian. Izpiz Izpi lelopean, euskaran, kulturartekotasunean eta herrigintzan ardaztu dute urteko lana, eta atzo jasotakoa ardatz horien inguruko proiektuak finantzatzeko erabiliko dute. Inaugurazio ekitaldian Ikasberri ikastolako Kontseiluko kideek, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak eta Ikastolen elkarteko ordezkariek hartu zuten parte, besteak beste, eta ekitaldi horretan izan ziren baita ere Elgoibar Ikastolako Kontseilu Errektoreko kideak. Azpeitiko Ikastolako kideek Elgoibar Ikastolako ikasle, langile eta familiei pasa zieten Kilometroak jaiaren lekukoa. Jon Lizarralde Ikastolako lehendakariak hartu zuen, eta horrenbestez, datorren urteko urriaren 5ean Elgoibarren egingo da Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia. 

 

Harrera ekitaldia, urriaren 10ean, Elgoibar Ikastolan

Azpeitiarren eskutik hartutako lekukoari harrera berezia egingo diete Ikastolan datorren eguenean, urriaren 10ean, eta ikastolako familiak gonbidatu dituzte ekitaldira. 08:30ean izango da Ikastolako pistetan. Azkaratetik behera etorriko da lekukoa, eta pistetako atzeko atetik sartuko da, eskuz esku,  ikastola barrura heldu arte. 

Elgoibar Ikastola hasi da dagoeneko Kilometroak25 antolatzen. Joan zen astean Ikastolako erdiko aretoan ospatutako bileran 130 langile eta familia bildu ziren, datorren urteko ekimenari esker landu nahi dituzten helburuak adosteko.  Jaiaren herrira begirako aurkezpena azaroaren 29rako iragarri dute. 

Kilometroak jaiko argazki gehiago azpeitiaguka.eus-en