Urazandiko zubia, zabalik

Barren 2025ko urr. 16a, 13:27

Urtebetez itxita egon ondoren, gaur zabaldu zuten Urazandiko zubia.

Joan zen astean egin zituzten karga ahalmen frogak, eta dagoeneko bukatu dute zubia berritzeko lanen bigarren fasea. Azken urteotan herrian egin duten obrarik garrantzitsuenetarikoa izan dela nabarmendu dute Udaletik, eta lan horri esker, herrigunetik Urazandi auzorako irisgarritasuna "bermatuta" geratu dela gaineratu.

Zubi berriak lehengoa ordezkatu du, eta egindako lanek egitura nagusia berritzea ekarri dute: zubiaren egonkortasuna eta iraupena sendotu dituzte habe berrien bidez, eta pasabidearen irisgarritasuna eta erabilera hobetzeko neurriak hartu dituzte. Zubiaren gehienezko altuera mantentzeko, zubi zaharraren zutabe nagusia berreskuratu dute, berriaren oinarri gisa. Gainera, azpiegiturak ur-drenaje sistema berritua eta azalera berrituak ditu, "erosoagoa eta seguruagoa izan dadin".

Azken bi faseak falta dira egiteko

Zubia irekitzearekin batera, autobus geltokia lehengo lekura aldatuko dute lekuz, eta ostiraletik aurrera, Urazandiko zubiko autobus geltokian hartu beharko da autobusa.
25 hilabete pasatu dira lanak hasi zituztenetik eta ia bi milioi euroko kostua izan du. Obraren hirugarren eta laugarren faseak 2027 eta 2028. urteen artean egingo dituzte. Udaletik azaldu dutenez, hirugarren fasean Errezabal egoitza izango dena lotuko dute zubiko pasabideetako batetik. Lanok 2027 eta 2028 artean egitea aurreikusten dute. Errezabal egoitza hartuko duen lanek baldintzatuko dituztela epeak zehaztu dute. Azken fasean egin beharreko lana igogailuaren parera iristen den arrapala bat ipintzea izango litzateke, autobus geltokiaren gainean geratuko litzatekeena. 

 

Lotura duten albisteak: