Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, "erritmo onean" doa zubia berritzeko joan den irailean hasi zituzten lanen lehen fasea. Orain artean, igogailuaren egitura eta bertara sartzeko eskailerak osatu dituzte, N-634 errepidea zeharkatuko duen pasabidea egiten ari dira eta hilaren amaierarako muntatzea aurreikusten dute. Lanen berri emateaz gainera, zubiak izango duen itxura erakusten duten infografiak erakutsi ditu Udalak.
Lehen faseko lanak
Ingelanek diseinatu eta idatzitako proiektuaren lehen fasea gauzatzen ari dira orain. Zubia berritzeko lanak zatika egiteko arrazoia herritarrei ahalik eta eragin txikiena eragitea dela zehaztu dute Udaletik. Lanen lehen zati honetan, N-634 errepidearen gainean pasabide bat eraikiko dute, igogailu batekin eta eskailerekin osatuta, autobus-geltokitik sarbidea errazteko. Gainera, beste aldeko pasabidea lantzen ari dira, Urazandiko ibilbidearekin zuzenean lotuko dena, eta inguru horretako oinezkoen zirkulazioa hobetuko duena.
Sei hilabeteotan igogailuaren egitura eta sartzeko eskailerak osatu dituzte, pasabidea egiten ari dira eta hilaren amaierarako muntatzea aurreikusten dute. 991.840,96 euroko inbertsioarekin, BEZa barne, Urbycolan, S.L. enpresa da fase hau exekutatzen ari dena, eta ekainerako lanak amaituko dituztela aurreikusten du Udalak, "ezarritako 10 hilabeteko epea errespetatuz".
Hurrengo faseak
Zubia berritzeko lanen bigarren zatian Deba ibaiaren gaineko pasabidea berrituko dute, eskuinaldeko sarbide-arrapala eta Urazandi pasabidearen birgaitzea barne. Fase horretan, N-634 errepidearen gaineko egungo pasabidea eraistea eta ibaiaren gaineko egitura berriarekin integratzea ere aurreikusten dute. Udaletik jakinarazi dutenez, prest dute bigarren faseko obraren lehiaketa publikorako plegua.
Ondorengo etapetan, konexio-arrapala jarriko dute ezkerraldean, eta igogailuaren goiko ontziratzea, bai eta Pilarreko ikastetxe zaharraren lurzatira sartzeko pasabide bat ere.
Zubiaren birmoldaketa azpiegitura irisgarriago eta seguruagoa lortzeko aurrerapausoa dela adierazi du Hirigintza zinegotzi Ion Zubiaurrek, prentsa ohar bidez.
Udalak bi informazio-panel jarriko ditu zubiaren punta bakoitzean, herritarrek obraren diseinuari eta obren-aurrerapenari buruzko informazioa eduki dezaten. Hemen ikus ditzakezuen infogramak eta 3D irudia ere zabaldu dute Udaletik, herritarrek argiago izan dezaten azpiegitura honek lanak amaitiutakoan izango duen itxura zein izango den.