King Kong zubia berritzeko lanen bigarren fasea hasi zuten ekainean. 14 hilabetez luzatuko den fase honetan, Deba ibaiaren gaineko zubia birmoldatu eta pasabide berria Urazandi auzoarekin lotuko dute. Ibai gaineko pasabidea eraitsi ahal izateko andamioak jartzen aritu dira gaur, eta eguaztenean, urriaren 9an, itxiko dute zubia oinezkoentzako. Gutxienez 11 hilabetez egongo da itxita, lanak amaitu bitartean.
Lan horiek Construcciones Artzamendi SA enpresak egingo ditu. Aurrekontua 1.004.374,74 eurokoa izango da, BEZa barne.
Zubia itxita dagoen bitartean, Merkatu plaza atzeko zubia, eta ekainetik martxan dagoen igogailua eta pasabide berria erabili beharko dute Urazandira joan nahi duten herritarrek; edo bestela, Maala aldetik egin ahal izango dituzte auzorako sartu-irtenak.
Zubia berritzeko lanen ondorengo etapetan, konexio-arrapala bat jarriko dute ezkerraldean eta igogailuaren goiko sarbidean, bai eta Pilar ikastetxea egon zen orubera sartzeko pasabide bat ere.