Saskibaloiaren festa Lekuederren

Barren 2025ko eka. 7a, 17:01

3x3 saskibaloi txapelketaren hirugarren ekitaldia jokatu dute goizean Lekuederreko aire libreko kantxan. 

Aurreko asteburuan pilotak eta eskubaloiak hartu zituzten Elgoibarko kaleak, eta saskibaloiaren eta futbolaren txanda da oraingoan. C.D. Elgoibarkoak denboraldi amaierako festa ospatzen ari dira Sigman; eta, saskibaloi jokalariz eta zalez bete da Kalebarren plaza. Infantil, kadete eta senior mailako 33 talde lehiatu dira Elgoibar Saskibaloi Taldeak hirugarrengoz antolatu duen kaleko saskibaloi txapelketan. Saskibaloi-modalitate bat da 3x3 saskibaloia eta Olinpiar Jokoetan ere jokatzen dute Tokiokoetan debuta egin eta gero. Hiru jokalariz osatutako bi taldek saski bakarrean jokatzen dute.

Katu, La Bala eta Rocky 3 txapeldun

Elgoibarko txapelketan Katu taldea izan da infantil kategoriako irabazlea. Katukoek 6-0 irabazi diote finala Amona Txorizo taldekoei. Bederatzi talde aritu dira lehian.
Kadete kategorian zortzi talde lehiatu dira, eta Pica Pollo eta La Bala taldeak ailegatu dira finalera. Azke partida eibartarrez eta elgoibartarrez osatutako La Balak irabazi du, 10-14.
Azkenik, senior kategorian hamasei talde lehiatu dira eta Rocky 3 eta Biskote taldeek jokatu dute finala. Donostiako hirukoteak, Rocky 3k, irabazi du finala, 15 eta 10 irabazita. 

Elgoibarko taldeez gain, Deba, Ermua, Durango, Bergara, Eibar, Donostia edo Zarautzekoek ere hartu dute parte txapelketan.

Txapelketaren estreinako edizioan Dinamo Kalimotxo taldea gailendu zen, eta iazkoan Eñaut’s, Euskal Stars eta Katu Kale izan ziren irabazleak.