Eskubaloiak pisu handia eduki du joan den asteburua Elgoibarko kirol eskaintzan, estalpean zein aire librean. Gipuzkoako Kopako sei final jokatu zituzten, zapatuan eta domekan, Olaizaga kiroldegian, eta Sanloko hiru talde lehiatu ziren horietan. Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldea izan zen finala jokatu zuenetariko bat. Ordizia izan zuten aurkari Zurriola Koparen finalean, eta etxekoek nagusitasunez irabazi zuten finala, 32 eta 23ko emaitzarekin. Sanloko senior gizonezkoen bigarren taldea den Pizzeria Salentok ere etxean jokatu zuen finala, zapatuan baita ere. Urola taldearen aurka jokatu zuten Itzurun Kopako finala, baina Zumarragako taldea gailendu zen, 27-30eko emaitzarekin.
Jubenil emakumezkoen kategoriako Kopako finalean ere izan zuen Sanlok ordezkari bat, Cimde Elgoibar taldea. Domekan jokatu zuten finala Olaizagan, eta elgoibartarrek ezin izan zioten Zarautzi irabazi, kostakoek eskuratu zuten titulua, finala 38 eta 35 irabazita.
Neurri Gipuzkoako txapeldun
Kadete nesken Neurri taldeak Urnietan jokatu zuen Kopako finala, Urnieta Iñaki Mecanizados taldearen aurka, eta elgoibartarrek irabazi zuten kopa, 21 eta 27 irabazita. Deuko Izarra taldeak ere etxetik kanpo jokatu zuen finala, domekan, Donostiako Egia kiroldegian, hain zuzen ere. 17 eta 19 galdu zuten Egia Seikar taldearen aurkako neurketa.
Sanloko taldeen emaitzak Gipuzkoako Kopako finaletan
- ALCORTA F.G. 32-23 ORDIZIA
- URNIETA 21-27 NEURRI
- UROLA 30-27 PIZZERIA SALENTO
- ZARAUTZ 38-35 CIMDE
- DEUKO IZARRA 17-19 EGIA
Eskubaloia plazan ekimena
Eskubaloia ez da kiroldegira bakarrik mugatu asteburuan, Eskubaloia plazan izeneko ekitaldia egin baitzuten domekan Kalegoen plazan. 2013tik 2016ra jaiotako neska-mutilek parte hartu zuten Sanlok eskubaloia sustatzeko eta ezagutzera emateko antolatutako ekimenean.