Pilotarien harrobia plazara atera du Lagunak Pilota Eskolak

Barren 2025ko eka. 2a, 18:14

Lagunak Pilota Eskolako pilotarien harrobia jokoan ikusteko aukera izan zuten bariku arratsaldean Kalegoen plazara gerturatu zirenek, edo handik igaro zirenek. Gainera, ozta-ozta libratu zen Pilota Eguna ekaitzetik.

Guztira 66 pilotari gaztetxo aritu ziren Pilota Egunean. Domekan Altunak eta Artolak jokatu zuten finalean halako tantorik ez beharbada, baina txalo bat edo beste jaso zuten gaztetxoek eginiko tantorik ederrenek. Azken partida jokatzen ari zirela hasi ziren lehen trumoiak eta tximistak, baina jokatzen jarraitu eta azken partida amaitutakoan jo zuen ekaitzak. Udaletxeko arkupeen babesean egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta pilotari guztiek jaso zuten oroigarria. 
Pilota Egunak iraun zuen bitartean Baltasar elkartekoek prestatutako txorizo egosia ere banatu zuten plazan, eta Otero pilotagileak ere jarri zuen pilotak saltzeko postua.