Sanbartolomeak 2024

Lanbide Heziketako ordezkariek hasiko dituzte aurten sanbartolomeak

Barren 2024ko uzt. 17a, 13:14

Elgoibarko Udaleko ordezkariak txupinazoa botako duten Elgoibarko lanbide heziketako ordezkariekin. BARREN

Elgoibarko Lanbide Heziketak sortu zeneko 125. urteurrena ospatuko du aurten eta udalak eurei eman die Txupinazoa botatzeko ohorea eta ardura. 

Abuztuaren 23tik 31ra, bi asteburutan banatuta, ospatuko ditugun San Bartolome jaietako egitaraua aurkezteko agerraldia egin dute gaur Elgoibarko Udaleko ordezkariek, lanbide heziketako ordezkariekin batera.

Aurten, Elgoibarko Lanbide Heziketako ordezkariek piztuko dute jaiei hasiera ofiziala emango dien suziria. Maialen Gurrutxaga alkateak adierazi duenez, merezi dute errekonozimendu hau, "formakuntzak garapen industrialerako duen garrantzia ulertu baitzuten elgoibartar haiek". Lanbide Heziketak Elgoibarren egin duen ibilbidea goraipatu du Gurrutxagak, eta harro egotekoa dela esan du, honela: "Hezkuntzak eta industriak elkarrekin ibiltzeko duten moduaren adibidea. Lanbide Heziketatik asko jaso dugu, hezkuntzak eta industriak bat eginda bidea egin dezaketela erakutsi digutelako, besteak beste. Elgoibarko herriak eskerrak eman nahi dizkio jaiei hasiera emanez".


70 jarduera baino gehiago egitarauan

Kultura zinegotzi Andrea Arriolak azaldu duenez, 70 jarduera baino gehiagoko egitaraua prestatu dute. Berrikuntzak eta jarduera nabarmenenak aipatu ditu Arriolak. Abuztuaren 25ean, domeka, taxi zerbitzua egongo da erretiratuen bazkari ondorenerako, etxera errazago joan ahal izan daitezen. Erretiratuen afaria ere sartu dute aurtengo egitarauan, gaueko erromeriarekin batera. Gainera, sokamuturra udaletxeko eta kultur etxeko balkoietatik ikusi ahal izango dute herritarrek. "Beste berrikuntza garrantzitsu bat da, lehen aldiz, haur eta erretiratuek hamaiketakoa banatuko dutela Kalegoen Plazan, belaunaldien arteko lankidetza islatzen duen jarduera da hau". Nerabeentzako bazkaria ere antolatu dute estreinakoz, eta bi musika talderen emanaldiek girotuko dute bazkari hori.

Musika emanaldiak

Musika izango da 2024ko San Bartolome jaietako protagonista nagusietako bat. Herrikoak izango dira kontzertuak emango dituzten talde ugari: Kitziki, DJ Agote, Ellie Jensen, Brilet eta Patxangoi elektrotxaranga. Hona hemen kontzertuen egutegia: 

  • Abuztuak 23: Ellie Jensen eta Nogen, Kalegoen Plazan
  • Abuztuak 24: Brilet eta Herenegun, Kalegoen Plazan.
  • Abuztuak 25: Dantza txapelketa.
  • Abuztuak 26: Mauxitxa, Artistas del Gremio eta Deabru Beltzak.
  • Abuztuak 30: Kitziki Kalegoen plazan eta  DJ Agote eta  Akerbeltz Maalako parkean.
  • Abuztuak 31: Puro Relajo, Kalegoen Plazan, eta Mauxitxa.


Kirol jarduera eta lehiak

Kirol-jarduerek ere izango dute lekua jaietan:


    • Abuztuaren 23an: LXXVII Etxaniz Memoriala.
    • Abuztuaren 24an eta 26an: Esku pilota profesionaleko jaialdia. 
    • Abuztuaren 30ean: III. Herri Kirol Txapelketa.
    • Abuztuaren 31an: Elgoibarko XXIV. Harri-jasotze Txapelketa.

 

210.000 euroko aurrekontua

Elgoibarko Udalak 210.000 euro bideratuko ditu 2024ko sanbartolomeak antolatzeko, iazko jaietan baino 10.000 euro gutxiago eta duela bi urtekoetan baino 6.000 euro gutxiago.

Jai inklusiboak

Herritar guztien parte hartzea bermatzeko hainbat neurri hartuko dituztela aurreratu dute udal agintariek. Hainbat jardueratan, lehen lerroa gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzat gordeko dute. Gainera, 18:00etatik 20:00etara, ez da musikarik egongo barraketan, eta horri esker, entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek gune horretaz ere gozatu ahal izango dute.
Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izango da, eta leku lasaia eskainiko die beldurra duten haurrei eta ingurune lasaiagoa behar duten pertsonei. Halaber, Txiki Egunean, Bolatoki parkea eta Mintxetako igerilekuak ardo-zipriztinik gabeko guneak izango dira, eta ardoarekin kontakturik ez izatea nahiago dutenek giro lasaiagoan gozatu ahal izango dute egunaz. "Neurri horiekin, Elgoibarko Udalak pertsona guztientzako ingurune inklusibo eta irisgarria sortu nahi du, guztiek jaiez erabat gozatzeko aukera izan dezaten", azaldu dute.

Jaiak berdintasunean eta harrotasunez ospatzeko kanpaina

'Gozatu San Bartolome jaiak berdintasunean eta harrotasunez!' izeneko kanpaina jarriko dute abian jaietan, Udaleko Berdintasun eta Gizarte Ongizate Sailen bitartez. Beldur Barik gune bat izango da abuztuaren 24, 30 eta 31n, substantziei buruzko informazio eta testing gune bat abuztuaren 23an eta 31n, eta alkoholimetria gune bat abuztuaren 23an eta 31n. Gainera, hirugarren urtez jarraian, gaueko taxi zerbitzua eskainiko du Udalak abuztuaren 23, 24, 26, 30 eta 31n, 01: 00etatik 07:00etara.

San Bartolome jaiak gure tradizioen aberastasuna eta Elgoibarko komunitate eta "auzolan espiritua" islatzen duten ospakizunak direla azpimarratu du Gurrutxaga alkateak. "Oroitzapenezko egunak izatea nahi dugu, erantzukizuna eta elkarrekiko errespetua nagusi direla, inolako indarkeriarik gabe. Jai hauek ez dira soilik alaitasun eta elkarbizitzarako une bat, baita gure arteko loturak sendotzeko eta denak batera une ahaztezinak ospatzeko aukera bat ere". 

 

 • 2023ko sanbartolomeak argazkitan: