Gaztiak gera barren Eguna ospatu zuten gazteok, jolasen eta musikaren laguntzaz. Sigman elkartu ziren bazkaltzeko, laranja koloreko kamisetak soinean eta festa giroan ibili ziren egun osoan. Gazteen Eguna, baina, sokamuturrarekin eta goitibeheren jaitsierarekin hasi zen goizean.
Arratsaldean Oihan Vegak girutu zuen Maalako parkea eta herri kirol zaleek Herri Kirolen Triatloi Txapelketaz gozatu ahal izan zuten Ikastolako frontoian. Hamabi emakumezko kirolari lehiatu ziren hiru laguneko lau taldetan, eta aizkoran, harri-jasotzen eta txingak eroaten lehiatu ostean, Gipuzkoako taldekoak izan ziren lanak amaitzen aurrenekoak.
Gauean kontzertuak eman zitzten Muzak eta Su Ta Gar taldeek. Talde eibartarreko abeslari Aitor Gorosabelek aitortu zuen kontzertua bertan behera lagatzea ere aztertzen egon zirela arratsaldean bota zuen euria ikusita, baina eurentzat Elgoibaroa emanaldi oso berezia zela azaldu zuen, Su Ta Garren hastapenak eta sorrera Eibarren adina, edo gehiago, daudela Elgoibarren esan baitzuen, Urazandin zegoen entsegu lokal batean, hain justu ere. Horregatik, eta hemen dituzten lagunengatik, Elgoibarren joteko gogo berezia zutela esan zuen Gorosabelek. Besteak beste, Ehun Kiloko abeslari Ion Zabala eta EME taldekoak aipatu zituen. Muzak taldearen kontzertuan gogotik egin zuen euria, eta Su Ta Gar taldearen emanaldia ere euritan hasi bazen zen, ez zuen askorik bota. Bi bider itzuli behar izan ziren oholtzara publikoak hala eskatuta.
Kontzertuak amaitu eta bat hasi zen Mauxitxa txarangaren kalejira, eta Maalaraino giidatu zituen Kalegoen plazan batutako jendetza.
- ARGAZKI-BILDUMA: 2023ko Gazteen Eguna, abuztuak 28