Gaztetxearen kontrako margoketak izan ziren lehenengo, Tratu Onen Aldeko Taldearekin eta Deba bailarako Itaia elkartekoekin batera, indarkeria matxistaren kontra margotu zuten murala zikindu zieten gero, eta joan zen barikuan jaietan erasorik ez zutela onartuko esanez herrian jarri zituzten kartelak apurtu zizkieten. Bart, berriz, txosnako zarraila apurtu eta lapurretan egin diete. Sare sozialen bidez zabaldu duten oharrean zehaztu dute zarraila apurtu, ginebra botila guztiak ostu, hozkailuak zabalik laga, eta txanponak gordetzeko kaxaren zati bat eraman dutela lapurrek.
Ohar berean esan dute ez dakitela nor dabilen Gaztetxearen kontra "horrenbesteko gorrotoz", baina nabarmendu dute Gazte Asanblada indartsu dagoela eta ez dutela atzera egingo. Urte osoan zehar hainbat ekintza antolatu dituzte Gazte Asanbladakoek eta ekaina-uztailerako kultur-programa oso bat antolatu dute, bihar jokatzekoak diren frontenis txapelketako finalekin amaituko dutena.
Era berean, santana jaietako egitarauaren diseinuan eta antolaketan ere parte-hartze handia izan du Gazte Asanbladak aurten eta ahalegin hori eskertzekoa dela uste dute. Txosna jartzeak berak suposatzen duen lanaz eta arduraz ere gogoeta egiteko eskatu diete erasotzaileei, eta eskatu esateko duten hori esateko, "aurpegia emanez". Ekarpenak egin nahi dituzten guztiek Gaztetxeko atea zabalik dutela ohartarazi dute Gazte Asanbladatik.