Apirilaren 23tik 24rako gauean pintaketak egin zituzten Mendaroko Gaztetxe inguruan eta herriko beste zenbait lekutan. Gaztetxea denontzat, FCK GKS, GKSren sektarismoa suntsitu eta antzekoak irakur zitezkeen pintaketetan, eta horren ondoren oharra kaleratu du Mendaroko Gazte Asanbladak erasook salatzeko. Oharrean diote astero Mendaroko gazte ezberdinak batzen direla Gaztetxean lanerako, eta lan horren emaitza direla urte osoan zehar herrian egiten dituzten hainbat ekintza: bertso trama, Gazte Eguna, frontenis txapelketa, kontzertuak... Horren harira honela dio mezuak: "Egungo gizartean despolitizazioa, indibidualismoa eta apatia dira nagusi, eta bide horretan, erronka hauei disziplinaz eta konpromisoz aurre egingo dieten gazte belaunaldiak beharrezkoak dira, eta horretarako ezinbestekoak dira Gaztetxea bezalako espazioak". Horrekin batera, dei egin diete dinamika horretan parte hartu duten guztiei maiatzaren 11n 12:30ean egingo duten hurrengo bileran parte hartzera.