Ane Landa eta Maria Bastida sailkatu dira Mendaroko binakako frontenis txapelketako finalerako

Barren 2025ko uzt. 10a, 14:41

Atzo, eguaztena, jokatu zuten Mendaron frontenis txapelketako azken final-erdia, eta Ane Landa eta Maria Bastidak osatutako bikoteak lortu zuen finalerako txartela. Artxibokoa da argazkia.

Gizonezkoen eta nerabeen txapelketako finalak zer bi bikotek jokatuko zuten erabakita zegoen, baina emakumezkoetan final-erdietako bat jokatzea falta zen finala zehazteko, eta atzo arratsaldean jokatu zuten. Irati Mendikute eta Josune Mantecak osatu zuten bikoteetako bat, eta Ane Landak eta Maria Bastidak bestea, eta partida parekatua izan zen. Azkenean, 22 eta 20ko emaitzarekin, Landak eta Bastidak egin zuten aurrera, eta uztailaren 23an jokatuko dute finala Miren Gisasola eta Ines Prietoren kontra. Gizonezkoen finalean, iazko irabazleek, Ander Aberasturi oñatiarrak eta Axular Agirregabiria mendaroarrak Luken Agirregabiria eta Asier Olabe mendaroarrak izango dituzte aurkari, eta nerabeetan honako bi bikote hauek lehiatuko dira: Haritz Zubiaurre eta Oinatz Arriola batetik, eta Lizar Ezenarro eta Luken Zulaika bestetik. 

Azaleko argazkian: Ane Landa pilotari ematen eta haren atzelaria, Maria Bastida, atzeragoan. Tartean, Maren Fernandez.