Sanmigelekin amaitu dira aurtengoz auzoetako jaiak

Barren 2025ko ira. 29a, 15:05

Bide Batez taldearen kontzertua, zapatu gauean Aiastian. Arg: Mikel Askasibar.

San Migel eguna ospatzen dihardute gaur Aiastian. Meza, pilota partidak eta auzotarren bazkaria egin dituzte, zapatuan hasitako auzoko festei agurra emateko.

Auzoz auzo jaietan ibiltzeko aukera izaten da Elgoibarren uda sasoitik aurrera: San Antonio jaiak Urruzunon, sanpedroak Idotorben, Santiago jaiak Sigman, sanrokeak Azkuen, Sallobente-Ermuaraneko jaiak, San Antolin jaiak Arriagan eta sanmigelak Aiastian. 

Joan den zapatutik gaur arte ospatu dituzte San Migel jaiak Aiastia auzoan. Auzokoez gainera dozenaka lagun batu dira jai gunera, gazteak bereziki, dozenaka igo baitziren autobusean zapatu gaueko afarira; edoeta afalosteko erromeriara. 200dik gora lagun elkartu ziren afarian, eta esperimentu modukoa ere egin zuten han biltutako gazte batzuek. Telefono mugikor bat ibili zuten mahairik mahai eta eskuz-esku, bestelako azalpenik eman gabe, hartzen zuenari inprobisaziorako aukera emanez. Honako hau izan zen emaitza:

Javier Osoro nagusi bolotan

Hiru txirlo bola txapelketa ere jokatu zuten zapatuan, auzoko bolatokian, eta Javier Osorok irabazi zuen tiraldia, 7 txirlorekin. Mateo Goenaga sailkatu zen bigarren postuan (6 txirlo) eta Gotzon Uranga hirugarrengoan (6 txirlo). Fernando Loiola izan zen auzoko bolari onena, 6 txirlo botata. 

Isidro Erretegia irabazle idi-demetan 

Domeka arratsaldean idi-dema txapelketa jokatu zuten kintopeko idiek eta Isidro Erretegiko Aitor Aizpuruaren idi pareak egin zuen markarik onena, 48 plazarekin. Lopategiren idi parea sailkatu zen bigarren postuan, 46 plaza eta 2,60 metroko marka eginda eta Etxetxorentzat izan zen hirugarren postua, 44 plaza eta 2,53 metrorekin. 

Pilota partidak

Aspiazuk eta Arakistainek osatutako bikoteak Arrizabalagaren eta Albizuren aurka jokatu dute gaur Murkaikupe pilotalekuan. Bi partida jokatu dituzte eta lehenek irabazi dute lehen partida (22-9), eta bigarrenek bigarrena, 22-15eko emaitzarekin. 

Domeka goizean aurtengo jaietako nobedadea izan den Aiastia-San Migel traila jokatu zuten Zirardamendi eta Murkaiku inguruetan. 

ARGAZKI-BILDUMA: 2025eko San Migel Jaiak (irudiak: Mikel Askasibar/ Elgoibarko Udala)