Pilota txapelketako finala eta herri bazkaria, Sigman

Barren 2025ko uzt. 23a, 13:40

Sigmako auzokideentzat egun berezia da Santiago Eguna, uztailaren 25a, egun horretan ospatzen baitzituzten lehen auzoko festak.

Laga zioten jaiak antolatzeari, baina barikuan eta zapatuan jai giroa ziurtatuta dago auzoan. Batetik, auzokoen bazkaria egingo dute barikuan, Santiago Egunean. Dianarekin hasiko dituzte ospakizunak, 11:00etan. Jai-zapiak banatu ondoren talde argazkia atera eta elkarrekin bazkalduko dute.

1962ko irailean inauguratu zuten Sigmako eskola. 4. mailara arteko ikasketak eskaintzen zituzten han, eta auzoko ume gehienek han egiten zituzten oinarrizko ikasketak. 1983an itxi zituzten betirako eskolako ateak, eta gaur egun auzotarren aisialdirako erabiltzen dute eraikina. Sigmako eskola martxan egon zen 21 urteetan 450 ume baino gehiagok ikasi zuten han. 2013an, eskola ireki zutenetik 50 urte pasa zirela-eta, ospakizun jaia antolatu zuten eta 241 lagun batu ziren urte hartako Santiago Egunean. Sigmako eskolan ikasi zuten auzotarrak, auzoan bizi ziren jubilatuak eta Olaso, Lauko eta Aitz Bizkar baserrietako familiak batu ziren. Handik bost urtera, 2018an, berriro batzea erabaki zuten bazkari baten bueltan eta 2022an ere antolatu zuten berriro elkar ikusteko bazkaria. Aurten, beraz, laugarrengoz elkartuko dira.

2022an elkartu ziren azkenengoz auzokoen bazkaria egiteko.

Pilota txapelketako finala, zapatuan

Eulogio Estarta elkarteak 40 urtetik gora daramatza Santiago Egunaren bueltan pilota txapelketa antolatzen, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Hori bai, auzokoen bazkaria dela-eta, Santiago Egunean beharrean, 26an jokatuko dute finala, 12:00etatik aurrera. Hiru pilotari elgoibartar eta eibartar bat ailegatu dira finalera. Felix Kondek eta IIgor Txurrukak Ibon Ibarra eibartarrak eta Iker Izagirre elgoibartarrak osatutako bikotearen aurka jokatuko dute finalean. 
Sigmako frontoira hurbiltzen direnentzako jan edana ere banatuko dute Eulogio Estarta elkartekoek. Finalaren amaieran elkartera joango dira luntxa egitera.