Azkarateko errepide zaharra konpontzeko lanak maiatzean hasiko zirela iragarri zuen Elgoibarko Udalak, baina BARRENek galdetuta obrak 300.000 euroko gainkostu bat izan duela jakinarazi dute, Gipuzkoako Foru Aldundian lanen egoerari buruzko informazioa eskatu eta gero.
Ondorioz, lau hilabetez atzeratuko da obraren hasiera: "Diputazio Kontseilutik pasatu beharko da proiektua, ikusi delako aurrekontua handia dela. Diru publikoaren kudeaketa egokia bermatzeko, irizpide hauek jarraitu behar dira", esan dute Udaleko arduradunek.
Errepidea berritu eta asfaltatu aurretik, egoera okerrenean dauden errepide zatiak egonkortzeko lanak egin behar dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den martxoan azaldutakoaren arabera, egin beharreko lanak "uste baino konplexuagoak" dira, eta hori dela-eta azterketa geoteknikoa egin beharra izan zuten. Egonkortze lanok dira maiatzean hastea aurreikusten zutenak.
Hiru gunetan egingo dituzten lanak, xeheago
- Maiorta parean (pK 3+100): Azterketa geoteknikoa egina dute, eta 50 metro luzerako mikropilote pantaila ipiniko dute.
- Errepidea hondoratuta dagoen zatian: pK 2+100: Errepidea hondoratuta dago puntu honetan, eta hori konpontzeko, urak ateratzeko drenajea hobetuko dute. Ondoren gunea fresatu eta zorua berrituko dute.
- Azkarate gainean (pK 0+570): Habe batzuen bitartez egonkortuko dute gerrepide zati hori.
Lotura duten albisteak:
- Azkarateko errepide zaharra konpontzeko lanak lizitaziora aterako dituzte (2025-03-27)
- 700 sinadura bilduta bukatutzat eman dute Azkarateko errepidea konpontzea eskatzeko sinadura bilketa (2024-11-12)
- Azkarateko errepidea hobetzeko lanak datorren urtean hasiko ditu Aldundiak (2024-11-07)
- Azkarateko errepidea konpontzea eskatzeko sinadura bilketa hasi dute (2024-11-04)