Azkarateko errepidea konpontzea eskatzeko sinadura bilketa hasi dute

Barren 2024ko aza. 4a, 16:49

Sallobente Ermuaran auzoko bizilagun talde bat sinadurak biltzen hasi da Azkarateko errepide zaharra eta Azkaratetik Madariaga auzora arteko errepide zatiak konpontzeko eskatzeko.

GI 3321 errepidearen egoera "tamalgarria" dela azaldu dute, aspalditik dagoela hondatuta eta azken urteetan egin dituzten mantentze lanak hutsaren hurrengoak izan direla salatu dute. "Lehen sarriago egiten zituzten errepidea egoera duin batean egoteko mantentze lanak, baina orain ez da horrela. Zuloz beteta dago, hondoratutako errepide zatiekin eta lur jauziren bat dagoenean kono batzuk ipintzen dituzte, ...eta kitto!", azaldu dute.

Errepidearen egoera txarrak erabiltzaile askorengan duela eragina zehaztu dute. "Eguneroko joan-etorrietarako erabiltzen duten gidarientzat, eta baita oinezko zein txirrindulari ugarirentzat ere. Ahaztu gabe IMHra ikastera joaten diren gazte askok erabiltzen dutela errepide hori. Izarraitz mendikatera eta Aittola ingurura ere lagun asko joaten dira aisialdiaz gozatzera, bertakoak eta urrunagotik datozenak".

Euren eskaera erakundeetara eraman dutela azaldu dute, Udalera eta Gipuzkoako Foru Aldundira, baina inork ardura hartu nahi ez duela ikusita, sinadura bilketa hastea erabaki dute, Aldundiari GI 3321 errepidea konpondu eta hobetzeko formalki eskatzeko, eta mantentze-lanak jarraikortasun batekin egin ditzaten. "Uste dugu herritarren segurtasuna eta ongizatea lehentasunak direla. Horregatik sinetsi nahi dugu arazo hau konpontzeko neurri egokiak hartuko dituztela dagokien arduradunek".

Sinadura bilketa baserrietan hasteko asmoa dute. Baserriz-baserri joango dira sinadurak batzen. Gainerako herritarrek ere izango dute sinatzeko aukera. Sinadurak batzeko orri bat IMHn laga dute eta Kala loradendan ere badago beste bat. "Jakinaraziko dugu leku gehiagotan jartzen badugu. Gauza hauek berriak dira guretzat eta ikasten ari gara. Nahi duguna da baserritarrek jakitea eurengana joango garela sinadura kanpaina honen berri ematera, ezustean ez hartzeko", esan dute.

Bidea konpontzeko eskaera errepidean.