Azkarateko errepidea hobetzeko lanak datorren urtean hasiko ditu Aldundiak

Barren 2024ko aza. 7a, 16:07

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dute Foru Aldundiak lehentasunen artean daukala Azkarateko errepide zaharra (3321 IT) konpontzea, eta datorren urterako 300.000 euroko aurrekontu espezifikoa gorde duela horretarako.

"Guk ere ikusi dugu premia bat dela. Aldundiarekin elkarlanean etengabe ari gara errepidea ahalik eta azkarren konpon dezaten. Gure eskaera ahalik eta azkarren lanak egitea da", azaldu du Maialen Gurrutxaga alkateak, eta gaineratu du inguruko bizilagunekin batzeko asmoa dutela bi erakundeetako ordezkariek, proiektua aurrera eramateko eta izan ditzaketen zalantzen inguruko argibideak emateko.

Hain zuen, Sallobenteko bizilagun talde bat sinadurak batzen hasi da errepidea konpontzeko eskatuz, eta asmo horri eusteko asmoa dute.

Errepidea konpontzeko Aldundiaren proiektua idazketa fasean dagoela zehaztu du Elgoibrko Udalak, urtarrilerako aurreikusitako lizitazioarekin eta maiatzerako programatutako egonkortze-obren hasierarekin. Egonkortze lanak amaitu ondoren, zorua birgaituko dute, 2025eko udan. Horrek barne hartuko ditu hondatutako puntuetan lurzorua berritzea eta mikroaglomeratu bidezko errodadura-geruza berri bat aplikatzea luzera osoan.

Zorua berritzeko, aurretik hiru egonkortze-lan egingo dituzte, honako hauek:

  • pK 3+100 eremuan: azterketa geotekniko bat egin da eta 50 metroko luzera duen mikropilote-pantaila bat ezartzeko lanak egingo dituzte
  • pK 2+100: puntu honetan hondoratzea konpontzeko, drainatzea hobetuko dute urak ateratzeko, dagoen zoladura fresatuko dute, eta zoru berria jarri.
  • pK 0+570: egiturazko habeak instalatuz egonkortuko dute errepide tarte hori.