700 sinadura bilduta bukatutzat eman dute Azkarateko errepidea konpontzea eskatzeko sinadura bilketa

Barren 2024ko aza. 12a, 16:25

Azkarateko errepide zaharra eta Azkaratetik Madariaga auzora arteko errepide zatiak konpontzea eskatzeko sinadura bilketa amaitutzat eman dute sustatzaileek.

Sallobente-Ermuaran auzoko bizilagun talde bat sinadurak batzen hasi zen duela astebete, baina kanpaina bertan behera lagatzea erabaki dute, Aldundiak jakinarazi ostean 2025ean hasiko dituztela errepidea konpontzeko lanak. Elgoibarko Udaletik esan dietenez, errepidea konpontzeko lanak uste baino konplexuagoak dira eta 2025eko urtean egin beharko dituzte.

Elgoibarko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek GI-3321 errepidearen egoera ikusten izan dira oraintsu (goik irudian), 2025ean errepidean egingo dituzten egonkortze lanak bertatik bertara aztertzeko. Aldundiak 300.000 euro bideratuko ditu lanotarako. Errepidea konpontzeko proiektua idazten ari direlaa jakinarazi du Aldundiak, urtarrilean lanak lizitatu eta egonkortzeko lanak maiatza ingururako hasi ahal izateko. Egonkortze lan horiek egin eta gero, egoera okerrenean dauden zatietan zorua berritzeko lanak egitea aurreikusten dute, 2025eko udan. 

Sinadurak Aldundira eraman dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidea konpontzeko azaldu duen asmoaren berri izan ostean, sinadura bilketa amaitutzat ematea erabaki dute sustatzaileek. "Elgoibarko Udaletik esan digutenez, konpromisoa hartzen dute Aldundiarekin elkarlanean proiektu honen jarraipen estua egin eta hurrengo urteko udarako konponketa lan horiek hasita egon daitezen, eta behin konpontzen dutenean mantentze-lanak urtero egingo dituztela ere agindu digute. Hortaz, sinadurak batzeari lagatzea erabaki dugu", azaldu dute. Astebete baino gutxiagoan 700 sinadura batu dituztela azaldu dute, denbora tarte laburra izateko kopuru handia dela nabarmenduz. Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua den Felix Urkolari eskura eman dizkiote sinadurak, "sinatzaileei zor genien errespetuagatik". Elgoibar eta inguruetako herrietako bizilagunengandik jaso duten babesagatik eskerrak eman dituzte.

Lotura duten albisteak: