2024an eginiko landaketak eta 2025erako aurrenekoa
Iaz sei landaketa saio antolatu zituen Elgoibarko Baso Biziak elkarteak, denak Muzkiritzu mendilerroan, Karakateko Landa Parkearen barruan lurjabeek laga dizkieten lurretan. Horietan, guztira, 2.935 zuhaixka autoktono landatu zituzten, bazkideen eta bolondresenen laguntzarekin. 2022ko ekainean elkartea sortu zutenetik bertoko espezietako 5.110 zuhaixka landatuak dituztela jakinarazi dute. Eta, kopuru hori handitzeko asmoa dute aurten ere. Izan ere, otsailaren 8rako antolatu dute lehen landaketa saioa. Otsailaren 6a baino lehen izena emateko eskatu dute, info@elgoibarkobasobiziak.org helbide elektronikora mezua bidalita, izen-abizenak, adina eta herria zehaztuz, eta gaian Zuhaitz landaketa idatzita. Mintxetako aparkalekuan elkartuko dira 09:00etan, eta autoetan joango dira landaketa gunera, Muzkiritzu mendilerroko magal batera. Mendiko botak eta arropa erosoak eramateko gomendioa egin dute, eta baita ura eta jateko zerbait ere. Lan tresnak eta eskularruak beraiek jarriko dituzte.
Hona 2024an Elgoibarren egin zituzten zuhaitz landaketak, zenbakietan:
- Urtarrilaren 13an: 300 zuhaitz landatu zituzten
- Otsailaren 3an: 327 zuhaitz
- Otsailaren 17an: 500 zuhaitz (umeek egin zituzten landaketak)
- Martxoaren 9an: 390 zuhaitz (bi lursailetan)
- Azaroak 23: 450 zuhaitz (Muskiritzun lagapenean dituzten lursailetan)
- Abenduak 26: 178 zuhaitz
- *Gainerako zuhaitzak azpikontratutako enpresa baten bitartez landatu dituzte
Hiru lursail erosi dituzte Atxolinen
Jabeek utzitako sailetan edo formula desberdinen bidez erositako lursailetan (bazkide kuotarekin, enpresen laguntzarekin eta entitate desberdinen arteko elkarlanarekin), bertako basoa berreskuratzea eta zaintzea da elkarteak darabilen lan-sistema. Elkartetik jakinarazi dutenez, aurtengorako ere lursail hektarea "asko" lortu dituzte euren landaketak egin ahal izateko. "Alde batetik, zortzi lurjaberekin adostu ditugun akorioei esker, 42,3 hektarea kudeatuko ditugu, hemeretzi lur sailetan banatuta daudenak. Jabetzari eutsiko diote lurjabeek, baina lurzoruaren erabilera iraunkorra bermatuko beharko dute, "balio naturalak, kulturalak eta paisaia-balioak kontserbatzea edoeta berreskuratzea", baso biziak taldekoen berbetan. "Lursail horietan berez datorren baso autoktonoa mantentzen laguntzen dugu, edo bertoko basoa osatzen duten zuhaitzak landatzen ditugu, boluntarioek eginiko lanarekin, horixe da egiten duguna", azaldu dute.
Lurjabeekin adostutako lagapenez harago, beste urrats bat eman, eta lursailak erosi ditu elkarteak. "Lorpen handia" dela azpimarratu dute eta bazkideen ekarpenekin egin ahal izan dutela. Atxolinen magalean erosi dituzte lurrak, 7,5 hektareako hiru lursail, hain justu ere. Bereziki pagadiz osatutako lursailak direla zehaztu dute eta baso autoktono hori lursail osora zabaldu nahi dute. Aurten egin asmo dituzten landaketa saioetan, guztira, 49,8 hektarea kudeatzeko asmoa dute.
Akordioak eta diru-laguntzak
Babesle eta laguntzaileekin indarrean dituzten akordioei buruzko datuak eta jaso dituzten diru-laguntzeei buruzko informazioa ere eman dute. Hona zerrendatuta:
- Elgoibarko Udalarekin: landaketetarako laguntza eta zuhaitz landareak erosteko dirulaguntza.
- Caja Rural de Navarrarekin: 2 urterako diru-laguntza.
- Alcorta Forging Group enpresarekin: 4 urterako diru-laguntza.
- Bernardo Ecenarro enpresarekin: 4-5 urterako diru-laguntza.
- DanobatGroup kooperatibarekin: landaketetarako diru-laguntza.
- Bellota enpresarekin: landaketetarako tresneria.
- Lurgaia elkartearekin: landaketetarako materiala partekatzen dituzten akordioetan eta lurretan.
Dibulgazio eta kontzientziaziorako ekitaldiak
Elgoibartarren artean naturarekiko zaletasuna sustatu eta herriko zein inguruetako naturari buruzko ezagutza zabaltzeko sortu zuten "Gure natura ezagutzen" egitasmoko bultzatzaileetako bat izan direla ere nabarmendu du Baso Biziak elkarteak iaz egindakoen errepasotik. Programa hori elkarnalean gauzatu zuten, Morkaiko Mendizaleen elkartearekin eta Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailarekin. Hainbat irteera antolatu zituzten: Anfibioak ezagutzeko irteera, Landa koaderno tailerra, Tximeletak ezagutzekoa, gaueko zerua ezagutzekoa, Hazi bilketa eta milologia uztartu zituena edo Hernani inguruko paisaiak ezagutzeko egin zuten txangoa.
Ildo beretik, naturarekin zerikusia duten filmen emanaldiak ere antolatu zituzten iaz; Queso de cabra y té con sal, Honeyland eta Ganado o desierto filmeenak, hain zuzen ere.
Azkenik, bazkide berriak taldera batzeko kanpaina martxan dutela jakinarazi dute. Interesdunek info@elgoibarkobasobiziak.org helbidera idatzi behar dute.