Morkaiko Mendizale Elkarteak, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi sailak eta Elgoibarko Baso Biziak elkarteak beste zenbait herritarrekin batera prestatu duten 'Natura ezagutzen' egitasmoaren baitan egin duten estreinako ekimena izan da umeentzako zuhaitz landaketa saioa.
Guztira 18 familietako 53 lagunek eman zuten izena landaketan parte hartzeko eta Sallobenteko aparkalekuan elkartu ziren guztiak zapatu goizean, handik Sallobenteko lursail batera joateko. Bidean lokatz dezente topatu zuten arren, ez zen landaketa gunera ailegatzeko oztopo izan. Baso Biziak taldeko kideek bertoko basoen eta zuhaitz espeziek duten garrantziaren gaineko azalpenak eman zizkieten lehenik, eta 100 bat zuhaitz-landare banatu zizkieten gero boluntarioei: haritzak, burzuntzak, sagarrondoak, gereziondoak, arantzak, hurritzak, e.a. Lanean jarri zituzten arren, umeek ederki pasa zutela azaldu dute antolatzaileek. Bertoko produktuekin eginiko mokadua jaso zuten parte hartzaileek egindako lanaren ordainetan.