Deialdi horren bidez, udalak bertoko zuhaitz-espezieak landatzea sustatu nahi zuen, eskualdeko baso tradizionalak babesteko. Zuhaitzak landatzeko diruz lagundu zitekeen aldia 2023ko azarotik 2024ko martxora artekoa izan zen. Aldi horretan egindako landaketek 2 euroko laguntza ekonomikoa jaso zezaketen landatutako ale bakoitzeko, hektareako 1.000 euroko gehieneko mugarekin, betiere lursailak hektarea erdiko (5.000 m²) gutxieneko azalera bazuen. Laguntza horiek jaso nahi zituzten lursailen jabeek edo kudeatzaileek 2024ko apirilaren 5a baino lehen egin behar zuten eskaera, udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Laguntzak jasotzeko hektareako gutxienez 500 ale landatzea eskatzen zuten, baina, salbuespenezko kasuetan, zuhaitz gutxiago landatuta ere jaso zitekeen laguntza, baldin eta lursailean hazkunde naturala bazegoen. Gainera, nahitaezkoa zen babes egokiak erabiltzea aleen garapen egokia ziurtatzeko. Landatu zitezkeen zuhaitz autoktonoen aukera zabala zen; haritza, gaztainondoa, lizarra, hurritza, elorri zuria, urkia, gorostia, gurbitza edo pagoa, besteak beste.
Onartutako dirulaguntzak
2024ko ekainaren 24an, Tokiko Gobernu Batzarrak Elgoibarko udalerrian zuhaitzak landatu dituzten bi proiektutarako dirulaguntzak ematea onartu zuen. Laguntza horien onuradunak honako hauek dira:
- Baso Biziak Elkartea: 4.740 euro.
- Jabe pribatua: 800 euro.
Laguntza jaso duten bi proiektuek deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak bete zituzten, eta landaketak eskatu moduan egin zituztela justifikatu zuten Udal Zerbitzu Teknikoen aurrean, zeinak laguntzak ematearen aldeko txostenak egin zituzten. Udaleko Kontuhartzailetza Sailak ere bermatu ditu txosten horiek, eta, horri esker, dirulaguntzak ordaindu zaizkie.