Hernaniko aztarna megalitikoetan barrena bisita gidatua antolatu dute urriaren 26rako

Barren 2024ko urr. 1a, 18:45

Epele bailaran barrena ibilaldi gidatua antolatu dute "Gure natura ezagutzen" egitasmoko sustatzaileek: Morkaikok, Atxutxiamaikak eta Elgoibarko Baso Biziak-ek.

Urriaren 26an egingo dute Hernanin dagoen Akola eta inguruak ezagutzeko irteera, eta Iñaki Sanz Azkuek (Hernani, 1981) egingo ditu gidari lanak. Biologian Lizentziatua (2004) Euskal Herriko Unibertsitatean, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko kidea ere bada 2003az geroztik eta 2006tik ondare naturalaren eta ahozko ondarearen ezagutzari eta kontserbazioari loturiko hainbat proiektu koordinatzen dihardu, dibulgatzaile lanekin uztartuz. "Iñakik lagunduko digu Hernani inguruko paisaia ezagutzen. Naturaren eta gizakion jardueraren elkarrekintzak emandako emaitza ulertzeko klabeak emango dizkigu, eta beraz, Hernaniko txoko hori sakonago ezagutzeko aukera paregabea izango dugu", azaldu dute "Gure natura ezagutzen" ekimeneko arduradunek.

Egingo duten ibilbidea honakoa izango da: Epele bailararik abiatuko dute bisita gidatua eta Igorin mendira (459 metro) igoko dira. Handik Akola estazio megalitikora joko dute. Probintzian saroiak ederkien gorde diren tokietako bat da Akola-Alkatxurain-Larregain ingurua. Handik, Ereñotzu auzotik sartuko dira berriro Hernaniko herrigunean. 15 kiliometroko ibilbidea osatuko dute. Bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du eta Ereñotzun egingo dute bazkaritarako geldialdia. Auzoan taberna bat ere badago.  

Zehaztu dutenez, 14 urtetik gorakoentzat gomendatutako ekintza da, eta mendirako arropa eta oinetako aproposaz gain, jatekoa eta edatekoa eraman beharko dute partaideek.

  • Plazak mugatuak dira, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, hemen 

Autobusez egingo dute Hernanira arteko joan-etorria. Txankakoako autobus geltokitik irtengo dira 08:00etan eta 17:00etan irtengo da bueltako autobusa Hernanitik, 18:00ak alderako berriro Txankakoako geltokian egon ahal izateko.