Udal Gobernutik jakinarazi dute aurrekontu proposamena opozizioko taldeekin partekatu dutela, eta hainbat bileratan lantzen ari direla, ekarpenak jasotzeko eta proposamen berriekin aberasteko. Azaroko udalbatzarraren osoko bilkuran aurkeztuko dute proposamena.
2025erako aurrekontuari begira nabarmendu dute "estrategikoki banatuta" dagoela, funtsezko arloetan eragina maximizatzeko. ‘2023-27: bizi, maitatu, egin Elgoibar Plan Estrategikoa’ oinarri hartuta ondu dutela zehaztu dute. Baliabideak honela banatzea proposatu dute:
- Antolaketa Arloa: 6.076.677,50 euro (%28,28)
- Herrigintza: 7.059.755,83 euro (%32,86)
- Lurralde: 8.349.652,76 euro (%38,86)
Aurrekontuaren barruan, Gizarte Ongizate saila %9 handitu dute, eta horri esker, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, gizarte-larrialdietarako zerbitzuak eta adinekoentzako baliabideak hobetzeko asmoa azaldu dute. Kultura arlorako ere %3ko igoera proposatu dute, eta Euskara Sailerako, berriz, % 2koa. Gazteriaren arloan, bestalde, %5eko jaitsiera egongo litzateke, 2024an egin zuten ludoteka berriko inbertsioak ez duelako baliabide handiagorik beharko datorren urtean. Era berean, ingurumenarekiko eta energia berriztagarriekiko konpromisoa hartu dutela azaldu dute, alor horretarako inbertsio zehatzak proposatuz.
Diru sarrera handiagoak
Udalak, bestalde, diru-sarrerak handitzea aurreikusten du 2025ean, hainbat baliabideren bidez: Zuzeneko zergak, ondasun higiezinen, ibilgailuen eta jarduera ekonomikoen kontribuzioak barne %2 handituko dira. Era berean, tasek eta bestelako zergek %12ko igoera izango dute, eta hiri-hondakinen bilketa izango da atal honetan pisu handiena izango duen partida, guztiaren % 65a izango baita. Transferentziei dagokienez, Gipuzkoako Foru Funtsak % 5,77 egingo du gora, eta 10.335.000 eurora iritsiko da. Kapital-transferentziek, berriz, % 13ko gehikuntza orokorra izango dute. Autonomia Erkidegoaren (+%51) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (+%39) babesa ere nabarmendu dute.
Udal Gobernuak dio aurrekontu honek elgoibartarren egungo beharrei erantzuten diela, "udalerri irisgarriagoa, jasangarriagoa eta kohesionatuagoa eraikiz".
2025erako inbertsio nagusiak
- King-Kong zubia berritzeko hurrengo faseetako lanetarako 643.541,64 euroko aurrekontu esleituko dute 2025erako.
- Bide publikoen konponketa: 200.000 euro erabiliko dituzte kaleak eta errepideak hobetzeko eta mantentzeko.
- Udal-komunitate energetikoa: 140.397,92 euroko kontu-sailarekin, Udalak udal-komunitate energetikoa sortzeko lehen faseari ekingo dio.
- Sallobente-Ermuaran auzoko etxeak ur-hornidura orokorrera batzeko: 400.000 euro.
- Landa-eremuetako lanak egiteko: 210.000 euro.
- Gizarte Zerbitzuak bultzatzeko: 35.000 euro. Zerbitzuen kalitatea eta irismena hobetzeko erabiliko dute diru hori.
- Haur-parkeak hobetzeko eta berritzeko: 40.000 euro.
Gainera, hainbat proiektutarako kredituak konprometitu dituztela aurreratu dute, esaterako, Errezabal egoitzako aparkalekua eta Sigma auzoko bizilagunentzako etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak. Merkatu Plazan anbulatorio berria eraikitzeko lanak hasiko dituztela ere gogora ekarri dute.
∞Lotura duten albisteak:
- 24 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du Elgoibarko Udalak 2024rako, aurtengoa baino %24 handiagoa (2023-11-29)
- 19.270.000 euroko aurrekontua onartu du Elgoibarko Udalak datorren urterako (2022-12-01)
- 19.270.000 euroko aurrekontua proposatu du Elgoibarko Udal Gobernuak 2023rako (2022-11-21)
- 17.702.000 euroko aurrekontua onartu du 2022rako Elgoibarko Udalak (2021-12-14)
- Ia %20 txikiagoa izango da 2021erako udal aurrekontua (2021-01-27)
- 2020ko udal aurrekontuak 1,8 milioi eurotan murriztea onartu du Udalbatzarrak (2020-07-23)
- 18,79 milioi euroko aurrekontua onartu du Elgoibarko Udalak 2020rako (2019-11-28)
- 18,2 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2019an, aurtengoa baino %3 handiagoa (2018-12-21)
- 17,7 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2018an, aurtengoa baino bi milioi euro gehiago (2017-12-21)
- Elgoibarko Udalak 15,5 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du 2017rako (2017-01-27)
- 14 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2016 urterako (2016-02-26)