Azpiegitura berriaren eraikuntza eta kudeaketa kontratua sinatu zuten, joan den irailaren 1ean, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak. Kontratuan jaso dituzten epeen arabera, sei hilabeteko epean idatzita egon beharko du zahar etxea eraikitzeko proiektuak, eraikuntza lanak 2024ko udaberrian hasiko dituzte, eta egoitza 2026an martxan egongo da.
Maialen Gurrutxaga alkateak adierazi du proiektua gauzatzeko erabateko konpromisoa dutela. “Kontratuaren sinadura pausu berri bat da, garrantzitsua oso. Proiektu partekatua da eta urte guzti hauetan lanean aritutako pertsona eta eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, batez ere, El Pilar ikastetxeko guraso elkarteko kideei, urte luzez egon baitira proiektu hau bultzatzen. Egoitza berria Elgoibarko tokiko zaintza-ekosistemaren ardatza izango da, eta Debabarrena eskualde osoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo die”, esan du.
Zahar etxe berriak 87 plaza izango ditu, bizikidetza-unitate txikietan banatuta; horietatik 22k unitate psikogeriatrikoa osatuko dute, eta plaza gehienak banakako geletan egongo dira. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-unitateak 18 eta 22 plaza artean izango ditu, eta buru-nahaste larria dutenentzako egoitza-unitateak 16 eta 21 plaza artean. Egoitza-unitateez gain, adinekoentzako eguneko zentro bat ere egongo da, 40 plazarekin. Zentro osoak 10.500 m2 inguruko azalera izango du, eta instalazio “modernoak, irisgarriak eta komunitateari lotuak” izango ditu, inguratzen duten berdeguneekin, egoteko gune zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin. Bestalde, udalaren jabetzako lur azpiko aparkaleku publiko bat ere eraikiko dute, 70-80 plazarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an onartu zuen gizarte-zerbitzuen ekipamendua eraikitzeko kontratazio-espedientea, eta maiatzaren 22an Elgoibar 2023 Aldi Baterako Enpresa Elkartea (Viuda de Sainz eta Biharko erakundeek osatua) esleitu zitzaion proiektua egitea, eraikitzea eta 10 urtez kudeatzea.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 88,5 milioi eurokoa da, eta horietatik 20,6 milioi euro eraikuntzara bideratuko dituzte.
∞Lotura duten albisteak:
- Errezabal zahar-egoitzaren eraikuntza eta kudeaketa esleitu ditu Aldundiak (2023-05-23)
- Errezabal zahar-egoitza eraikitzeko lizitazioa onartu du Aldundiak (2022-12-01)
- Lagin geoteknikoak hartzen jardun dute asteon Pilarren, zaharren egoitza eta lurpeko aparkalekua egiteko (2022-09-23)
- Errezabal egoitza berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta Aldundiak (2022-06-01)
- Pilar ikastetxeko orubea Aldundiari laga dio Elgoibarko Udalak, Errezabal egoitza eraikitzeko (2022-05-05)
- Elgoibarrek 130 plazako adinekoentzako egoitza berria izango du (2021-07-09)
- Markel Olano: "Pilarreko adinekoentzako egoitza 2022rako eraikita egotea aurreikusten dugu" (2019-02-28)
- Abenduan amaituko dituzte Pilarreko eraikina eraisteko lanak (2013-11-21)