17.702.000 euroko aurrekontua onartu du 2022rako Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2021ko abe. 14a, 09:15

Elgoibarko Udalaren aurrekontua 17.663.500 eurokoa izango da datorren urtean, 2021ekoa baino %4,27 handiagoa, hain zuzen ere. Atzo egin zuten osoko bilkuran onartu zuten aurrekontua, EAJ-PNV (8) eta PSE-EEren (1) aldeko bozkekin. Elkarrekin Podemos alderdiak (1) abstentzioaren alde egin zuen eta EH Bilduk (7) kontra bozkatu zuen. Aurrekontu hauekin bi helburu nagusi dituztela azaldu zuen Udal Gobernuak: batetik, herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko pausuak eman nahi dituztela azaldu zuten, eta bestetik, herri aurreratua eraikitzen jarraitzeko asmoa agertu zuten, bai alor sozialean, ekonomikoan eta jasangarrian. 

Sarreren egoera-orriari dagokionez, aldaketarik handienak transferentzien atalean daudela azaldu zuten, transferentzia arrunten atalean. Izan ere, Funts Foralaren igoera eta Udal Kirol Patronatuari egindako aportazioak igo egin dira. Gastuen egoera-orriari dagokionez, inbertsioei dagokien 6. kapitulua jaitsi egin da, Kiroldegiko igerileku berriaren obra amaituta dagoelako:

Sarrerak: 17.701.798,56€.

  • Zerga zuzenak: 3.594.586,10€.

  • Zeharkako zergak: 300.000€.

  • Tasak eta bestelako sarrerak: 2.654.160,52€.

  • Transferentzia arruntak: 9.647.000€.

  • Ondare sarrerak: 12.000€.

  • Ondasunak besterentzea: 100.000€.

  • Kapital transferentziak: 420.490€.

  • Finantza aktiboak: 0€.

  • Finantza pasiboak: 973.561,94€.

 

Gastuak: 17.701.798,56€.

  • Langileen ordainsariak: 4.781.260,74€.

  • Ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketa: 7.570.152,82€.

  • Finantza gastuak: 7.000€.

  • Transferentzia arruntak: 3.068.776€.

  • Kreditu globala: 0€.

  • Inbertsio errealak: 2.267.200€.

  • Kapital transferentziak: 0€.

  • Finantza aktiboak: 7.409€.

  • Finantza pasiboak: 0€.

Udalaren estrukturari erreparatuz, honela banatzen da aurrekontua:

  • 6.268.088,28€ Herritartasuna atalera: sustapen ekonomikoa, bizikidetza, parte-hartzea, Lagunkoia eta obra ugari (herri eskolako instalazio elektrikoa, ludoteka, eta aldagelak).
  • 6.855.296,53€ Lurralde atalera: Hirigintza eta lan guztiak herritartasuneko obrak kenduta.
  • 4.559.980,76€ Antolakuntza: udal sailak.

 

 • INBERTSIOAK
Inbertsioetara ia 2.300.000 euro bideratzea proposatu dute. Honakoak dira aurreikusi dituzten inbertsio nagusiak:

  • Errotaberriko igogailua: 560.000,00€
  • Ludoteka berria- 260.000,00€
  • Sigma auzoa, Estartako etxeen irisgarritasuna: 255.000,00€
  • Parte-hartzea: 220.000,00€
  • Mugiezinetan konponketak: 100.000,00€
  • Herri antzokiko kamerinoak: 65.000,00€
  • Urazandi auzoko irteera: 25.000,00€
  • Plaka fotoboltaikoen ezarpena udal eraikinetan: 60.000,00€
  • Kaleen konponketak irisgarriago egiteko: 250.000,00€
  • Altzolako heldulekuak eta hiri altzariak: 25.000,00€
  • Hiri-altzariak erostea: 105.000,00€
  • Jolas parkeak: 100.000,00€
  • Txakurrentzako parkeak: 15.000,00€
  • Kalistenia parkea: 25.000,00€
  • Ekipamendu egokitua erostea: 3.000,00€
  • Gizarte zerbitzuen zorroa: 40.000,00€
  • Herri eskolako instalazio elektrikoa:- 45.000,00€
  • Magnet zientzi espazioa sortu: 15.000,00€
  • Teknologia berriak: 3.000,00€
  • Liburutegirako liburuen erosketa: 15.000,00€
  • Bilduma dokumentazioa: 1.200,00€
  • Landareetan lanak egiteagatik: 18.000,00€
  • Bulego ekipoak: 5.000,00€
  • Informazio-prozesuetarako:15.000,00€

  • Gizarte ongizatea, %49 gora
Aurrekontuaren %28 Gizarte Ongizate Sailera bideratuko dute, 5.100.000 euro. Gizarte zerbitzuetako partida 1.724.552,02 eurokoa izango da, iaz baino %49 handiagoa (1.163.300 euro 2021ean). Nabarmentzekoak dira elkarteei bideratutako diru-laguntzetan ematen den igoera, 20.000 eurotik 23.000 eurora; Etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako dirua %63 hazi da, 190.000 eurotik 310.000ra igaroz; Eguneko Zentrora 50.000 euro gehiago bideratuko ditu Udalak, guztira 350.000€; Gizarte larrialdietarako laguntzetan 200.000€; pertsona nagusiei loturiko programetarako 78.000€, 10.000€ gehiago; eta bazterkeria egoerei loturiko programetara 21.000 euro gehiago, 194.000 euro guztira. Osasun programak ere %30 hazi dira, 27.000€tik 35.000 eurora. Berdintasun sailaren aurrekontua ia hirukoiztu egingo dute, 2021eko 45.000 eurotik 126.000 eurora 2022an. Berdintasuna bultzatzeko ekintzak eta jardunaldian antolatzera bideratuko dute zati handiena, guztira 45.000 euro.
Era berean, Udal Gobernuak apustu berezia egingo duela iragarri dute kultura suspertu eta kaleak berriz ere kolorez eta doinuz betetzeko. Kultura Sailaren aurrekontuak %5 egingo du gora, 50.000 euro gehiago, alegia, guztira 564.751 euro. Nabarmendu dute auzoetako jaien partida hirukoiztu egingo dutela, 19.500 eurora. Hezkuntzan eta Euskara arloetan ere esfortzu berezia egingo du Udalak eta bi esparruen partidak %13 hazi dira. Gazterian %7ko igoera, Ludoteka berria kontuan hartu gabe. Hezkuntza eta Euskarari dagokionean ahalegin berezia egingo dutela adierazi dute, eta bi esparruen partidak %13 handitzeko proposamena egin dute. Gazterian %7ko igoera aurreikusi dute, Ludoteka berria kontuan hartu gabe.

  • Elkarrekin-Podemos abstentzioaren alde

Udal aurrekontuetan Elkarrekin Podemosek egindako 3 ekarpen barneratu dituzte: Herriko zuhaitzen azterketa egitea, klima aldaketari buruzko jarduera programa eta ekintza berriak garatzea eta Agenda 2030 programaren diru partida 25.000€tik 60.000€ra igo da. Alderdiak egindako hainbat eskakizun betetzeko aukera ikusi dutenez, aurrekontuetan bozketan abstenitu egin dira: "Gure indar apala onartuz eta hainbat partidatan udalerria hobetzeko gai puntualetan jarduteko kapital nahikoa dagoela ikusiz, defizitarioagoak ikusten ditugun gaietan zentratzen gara, eguzki-plakak, 30 agenda eta merkataritzarako eta ostalaritzarako laguntzak instalatzeko gehiago eskatuz, 145.000 euroko igoerarekin". 

  • EHBildu, kontra

EHBilduk aurrekontuen kontra bozkatu du, beraien aurrekontu proposamenetik "oso urrun" dagoelako Udal Gobernuan aurkeztu duen aurrekontua. Aitziber Aranberrik osoko bilkuran esandakoaren arabera, EHBilduk urriaren amaieran eskatu zion Udal Gobernuari aurrekontuen prestaketa herritarrekin partekatzeko, Udalaren asmoen berri emateko eta ekarpenak egiteko tresnak eskaintzeko, baina esan zuenez ez dute erantzunik jaso, eta aurrekontuak egiteko prozeduran ez dute inolako aldaketarik ikusi. Aitziber Aranberrik gaineratu zuen EHBildu prest agertu zela aurrekontuei buruz hitz egiteko, bereziki, ondorengo gaien inguruan: Herritarren partaidetzarako udal-plana, kudeaketa-eredu parte-hartzaileago batean urrats eraginkorrak egin ahal izateko; inbertsio sozialak, eten digitala, hezkuntza-arrakala edo pobrezia energetikoa bezalako egoerei aurre egiteko; ekonomia publikoa, interes publikoko proiektuak sortzea ahalbidetuko duena, hala nola energia-komunitateak edo Herribusaren hedapena. 

Maialen Gurrutxaga EAJko bozeramaileak erantzun zion Aitziber Aranberriri esanez ez dutela aurrekontuen gaineko proposamen zehatzik jaso EHBilduren partetik, jaso dutena balorazioa besterik ez dela izan eta ez dutela ikusi lanean hasteko inolako proposamenik. 

  • Kirol Patronatuaren aurrekontua ere onartuta

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak 1.404.900 euroko aurrekontua izango du 2022an.
Sarrerak:
• Tasak eta bestelako sarrerak: 481.000€.
• Transferentzia arruntak: 916.700€.
• Ondare sarrerak: 7.200€.

Gastuak:
• Langileen ordainsariak: 193.000€.
• Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: 1.132.500€.
• Finantza gastuak: 2.000€.
• Transferentzia arruntak: 77.400€.
• Inbertsio errealak: 0€.