Eraiki asmo duten azpiegitura berria "funtzionalagoa" eta egungo laguntza-beharretara egokituagoa izango dela azaldu dute Osakidetzatik, eta eskaini ahal izango duen zerbitzu-zorroa handitzeko aukera emango duela azpimarratu dute, "Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren pertsonei, 17.982 bizilagunei, arreta hurbilagoa, kalitatezkoa eta irisgarriagoa eskaintzeko".
Osasun Sailak 3,6 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du proiektu honetarako, eta obra 2025ean zehar hasiko dela adierazi dute, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin.
Osasun-zentro berriaren ezaugarriak
Gaur egun Merkatu plazaren eraikina dagoen lekuan eraiki nahi duten osasun zentro berriak 2.400 m² inguruko azalera izango du, sotoko solairuan eta sestra gaineko bost solairutan banatuta, eta administrazio-eremu bat, familia-medikuntzako eta pediatriako gunea, emakumeari arreta emateko eremu bat, fisioterapiarako gune bat eta Osakidetzako langileentzako eremu bat izango ditu.
26 mediku- eta erizain-kontsulta inguru izango ditu, baita sendaketa-gela bat, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdi-gelak, edoskitze-gela, erditzea prestatzeko gela eta fisioterapia-gela bat ere.
"Ingurunearekin integratzeko diseinatuta, erabiltzaileentzako espazio irisgarriago gisa diseinatu da", azaldu dute Elgoibarko Udaleko arduradunek.
Kontratazio-prozesua irekia izango da, eta interesdunek ekonomia- eta finantza-kaudimeneko baldintzak bete beharko dituzte, baita gaitasun teknikoa eta profesionala ere. Eskaintzak nahitaez elektronikoki aurkeztu behar dira lote guztietarako, 2024ko martxoaren 15a baino lehen, 13:00etan.
Kontratazio-pleguei eta prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo helbide honetara
∞Lotura duten albisteak:
- Anbulatorio berria eraikitzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta Osasun Sailak (2023-09-28)
- Merkatu Plaza dagoen lekuan eraikiko du Osakidetzak Elgoibarko osasun zentro berria (2023-03-22)
- Elgoibarren anbulatorio berria egiteko proiektua martxan jarriko duela jakinarazi du Jaurlaritzak (2022-09-23)