Gipuzkoako zaharren egoitzetako beharginek grebara jo dute berriro ere, tartean Elgoibarko San Lazaro egoitzakoek, "hitzarmen duinaren alde". Eskaera zehatzak ere egin dituzte, besteak beste, langile kopurua handitzea eskatu dute, pandemia garaian sektorean azaleratu diren "egiturazko" gabeziei aurre egiteko.
Blokeatuta jarraitzen du sektoreko lan-hitzarmenaren gaineko negoziazioak, eta langileek salatu dute haien eskakizunei entzungor egin dietela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta enpresek. "Urteak dira hitzarmenaren alde ekin genuela baina egoera okertu besterik ez da egin, herrialdeko hitzarmenik gabe, langileen osasuna bermatuko duen neurririk gabe eta oraingoan ere greba eskubiderik gabe", adierazi dute LAB sindikatutik. Egoera "bortitz" hau iraultzeko helduen egoitzetako sistema guztia aldatu beharra dagoela uste dute, sektore publikoa izateaz gain, antolaketa eta helburuak aldatu behar direla diote, eta horretarako, sektoreko alderdi guztiek parte hartu behar dutela prozesu honetan.
Egoitzetako langileok Gipuzkoako udaletxe ezberdinak interpelatu dituzte, helburu zehatz batekin, Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanori bilera eskaera egin dezaten, 2017an hasitako gatazkaren eta azkeneko hilabeteetan langileak bizitzen ari diren egoera gogorraz hitz egiteko, "eta nola ez, langileen alde egin dezaten". Asmo horretan, atzo elkarretaratzeak egin zituzten Donostian eta hainbat herritako udaletxeen aurrean: Irunen, Ordizian, Tolosan, Arrasaten, Oreretan, Bergaran, Zumarragan, Zarautzen eta Lasarten. Elgoibarko beharginek Bergarako eta Arrasateko elkarretaratzeetan hartu zuten parte.
Gaur goizean, berriz, manifestazioa egin dute Donostian, Aldundiaren egoitza dagoen Donostiako Gipuzkoa Plazatik hasita. San Lazaroko beharginek elkarretaratzea egingo dute arratsaldean, 19:00etan, egoitzaren aurrean.
∞Lotura duten albisteak:
- Berriro grebara jo dute zahar etxeetako beharginek, eta kalera protestan irten dira Elgoibarren (2020-10-06)
- San Lazaro egoitzako langileei eskerrak emateko batu dira hainbat herritar egoitza aurrean (2020-06-15)
- Monika Masa: “Pozik gaude San Lazaron bisitak berreskuratzeko, baina tentuz jokatu behar dugu” (2020-06-05)
- BIDEOA: San Lazaro egoitzako egoiliarrek itxaropen mezua zabaldu dute (2020-04-14)
- Zahar-etxeetako langileen martxa Elgoibartik pasa da (2019-10-16)
- San Lazaro egoitzakoen protesta agintarien aurrean (2019-10-04)
- San Lazaro egoitzakoek hilabeteko beste greba bat hasiko dute irailaren 19an (2019-09-05)
- Zahar etxeetako grebalarien eskualdeko martxa egin dute Eibartik Elgoibarrera (2019-06-27)
- San Lazaro egoitzako langileek egun osoko kanpaldia egingo dute Maalan (2019-06-19)
- Informazio osoagoa BARREN aldizkariko 1116. zenbakian, San Lazaroko hiru langileri eginiko elkarrizketan